Post-rock dotore, halako folk espektral eta piano ukitu hunkigarriz jositako doinuen artean, herritarren ahots grabaketak tartekatzen dira, memoria, hizkuntza, gizartea, nortasuna, iragana eta etorkizuna bat egiten duten pasarte instrumental ederretan. Ehundaka erreferentzia ezberdin aipa daitezke Modesto Newhouse-ren musika deskribatzeko (edo hobe esan, deskribatzen saiatzeko) unean baina era berean, oihartzun urrunak dira denak eta guztiz ezinezkoa da haietako edozeini garbi lotzea. Idiosinkrasia oso bereziko obra bat da hau eta agian horregatik, izen xelebre baten atzean ezkutatu da egilea (ibilbide luzeko musikaria da, baina noski ez dut nik hemen misterioa argituko ta bestalde, internet-en berehala aurki daiteke, ez baita inongo sekretua). Edozein erara, Modesto estreinako aldiz aritzen da bakarka disko honetan, eta izengoitiaren babesean, intimitate biluzienera ailegatzeko gai sentitu dela esango nuke. Ordainean, erabat ezustekoz eta benetan aho bete hortz utzi nauen disko bikain hau utzi digu. Bihotzez gomendatua.
Lo siento, debes estar conectado para publicar un comentario.