Kenopsia
DiscosMila Modu

Kenopsia

7 / 10
Iker Gurrutxaga Zubimendi — 09-01-2024
Empresa — Elkar
Género — Rock

Utzita dagoen toki batean egotearen sentsazioa omen da kenopsia eta izen hori eman dio Mila Modu taldeak bere azken diskoari. Mezua ez dakigu eszenari egindako kritika bat ote den edota medio, promotore eta programatzaileei egindakoa, baina horrela ulertu daiteke.

Zergatik diogun hau? Bada rocka egiten duen asko sentituko duelako kenopsia une batez, bai behintzat izen handiegirik ez baduzu. Beno, eta zergatik ez, izena duten taldeek ere bai. Azken trena ere rockari erreferentzia izan daiteke, baina beti uste izan da rocka hilda dagoela. Gerora, beti biziraun du, ordea. Horregatik ‘Nork erail du rocka?’ galderari, erantzuna argia da: hiltzen saiatuko diren arren, ez dute lortuko. Hiru kantu horietan taldearen izaera propioari eusten diote batean, U2 bezalako taldeak ekartzen dizkigute gogora besteren batean eta Bide Ertzean bezalako taldeen pop-rock ederra ere entzun dezakegun bateren batean.

Beren soinuari buelta bat eman dio Mila Moduk, teklatuak sartuta beste buelta bat eta dimentsio bat hartzen dutelako beren abestiek. Dena dela, gordinago, erritmo markatuagoekin eta distortsio gehiagorekin osatu dute ‘Deskubritu naute’ abestia. Rock klasikoago batekoa da ‘Xakeko zaldia’ kantua, tempo erdiko zatietan sakontasun dezente irabazten duen abestia, diskoko gitarra solo ederrena duena da.

Pianoak eta ahotsak protagonismoa hartzen dute ‘Izar goiztiar’ eta ‘Infernuan lekurik ez’ abestietan. Lehendabizikoan gitarraren eta pianoaren xehetasunek asko janzten dute, eta, duen oihartzunari esker, kantu bete-betea bihurtzen da. Azkenean, berriz, lehen arpegiotik besarkatzen gaitu pianoak eta bukaerako eztanda koralarekin diskoa modu oso finean bukatzen du Mila Moduk.

Infernua ez dakit rock eszena izango den, edota musikaren industria den, edo zer. Baina denontzat bada tokirik, beti ere borondaterik bada. Segi borrokan, horretarako ere mila modu baitaude.

Lo siento, debes estar para publicar un comentario.

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.