Intra
DiscosMila Modu

Intra

7 / 10
Iker Gurrutxaga Zubimendi — 24-08-2022
Empresa — Elkar
Género — Rock

«Bidai arrunt batetik, barne bidai batera» esaldia entzun daiteke lehen 45 segundoetan Mila Modu taldearen bigarren diskoan, “Intra” laneko introan, alegia. Munduarekin batek izan dezakeen haserreaz errudun baten bila ari denaz irekitzen du bidea talde oñatiarrak disko honetako bidaian barnera gaitezen.

Hor Konpon taldearen errautsetatik sortutako taldea da Mila Modu dakigunez, eta lehen lana kaleratu eta gutxira etorri da bigarrena, soinuz beste buelta bat emanda eta lehen inpresio on hura asko hobetuz. Berriz ere Elkar estudioan izan dira Victor Sanchezekin, eta nabari da bigarren lana dela elkarrekin.

Boxeoan 19 kolpe mota omen daude, baina Mila Modu taldeak ‘19 kolpe’ kolpe oso handia eman digun COVID-19 malapartatuarekin lotu du. Rock klasikotik edaten duten arren, pop ukituak dituen abestia ere badela esan daiteke. Nabaria da 90etakoak direla eta garai hartako soinua dute, batzuetan bilatuagoa eta besteetan naturalagoa, COVID garaian genuen elkartasuna edo askatasuna bezalaxe.

Esan dugun moduan, barrura begira jartzeko lan bat da eta ‘Irrifarraren bila’ horren adibide nabarmena da. Kanta pausatuagoa da, pentsaraztera gonbidatzen duen horietakoa. Gitarraren sarrerako riffak, duen granoarekin, eta Xabier Yanizen ahotsak hori hala izatea errazten dute, berriz ere ahotsak bikoiztearen aldeko hautua egin dute ahots nagusian. Gero «ene begiek zuten errua eta ez pailazoak/munduak» esaldiek, lehen aipatu dugun erruaren inguruko gogoetara eramaten gaitu. Izan ere, kantuak dion moduan, mila modu daude aske izateko eta mundua koloretan ikusteko, baina badakigu askotan zer gertatzen den, errua besteengan jarri eta dena zuri beltzera pasarazten dugula.

Gitarraren efektu eta jolasak asko nabaritzen dira atzetik doan ‘Beldurrak’ abestian. Yanizek kontatu zuenez, disko honetarako patxada gehiago izan dute aurrekoaren aldean eta kabinekin, berriz anplifikatzearen teknikarekin eta halakoekin asko jolastu dute disko honetarako. Barne beldurrek ez die balaztarik jarri sormenaren bidean oraingoan Mila Modukoei agidanez.

Diskoko singlea izan zena kokatzen da bidaiaren erdi-erdian,‘Inor ez da inor’. Istorio benetan polita eta bitxia barnebiltzen duena. Arantzazuko fraile batek, Aita Lasak, Manuel Fragarekin izandako pasadizo bat gordetzen du. Aita Lasak distintzio berezirik egin gabe denak berdinetik-berdinera tratatu zituen ministro frankistak Oñatiko santutegira egin zuen bisitan, garaian ministroei modu berezian tratatzeko eskatzen zen arren. Kantu rockero batekin kontatu digute istorio hori, txalo, shaker eta akustikaren presentziak asko janzten duen melodia lagun.

Abestia bukatu orduko koral batek zabaltzen digu ‘Iraganeko aingurak’ kantua, kontzertuetan denak batera abesten jartzeko moduko kantu horietakoa. Aurretik egindakoen lanari esker onik ez diogula erakutsi salatzen dute abesti honetan, etorkizunari begira zertan hobetu badugula eta oraindik garaiz gaudela ereindako hazi horrek fruituak eman ditzan gaineratzen dute. Berriz ere introspekzio lana eta autokritikarako leiho bat zabaltzen digute oñatiarrek. Hala ere kontrapuntua dator segidan, ‘Erdoildutako urratsak’ kantuan argi esaten baita denboraren morroi garela denok, eta hori nabarmenago uzteko, abiadura azkarragoko abestia dela aurreratuko dugu.

Azken hiru abestietan, beste bi salaketa jaso dituzte. ‘Itzala beti itzal’ matxismoaren lakraren aurkako abestia da eta ‘Entzun ixiltasuna’ kantuan gerra garaian bide ertzeetan ehortzi zituztenak izan dituzte gogoan. Zenbat zauri zabalik eta zenbat min denon artean aurre egiteko. Norberak galdetu beharko dio bere buruari ea zer egiten duen egoera horien aurrean.

‘Orain ez dudala’ kantu alaia aipatuko dugu azkenerako. Oso rollo ona transmitzen duen kantua, nahiz eta errepika iristen denean harmonia malenkoniatsua duen. Baina bada azpimarra egiteko esaldi bat: «hainbeste urrezko izarren atzetik nabil, azkenean ilargia galtzen dudala». Ilargi hori norbera izan daiteke, hortaz, ‘Intra’ entzun eta jarri barrura begira une batez.

Lo siento, debes estar para publicar un comentario.

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.