Ultrapop
DiscosMeison

Ultrapop

7 / 10
Iker Gurrutxaga — 06-07-2026
Empresa — Autoeditado
Género — Rock

Berriztik datorren power trioa da Meison taldea. Titulurik irakurriko ez bagenu, rock disko baten aurrean geundekeela esango genuke 'Ultrapop' entzutean, baina Tatxersekoek ere pop musika egiten dutela bazioten, zergatik ez ditugu ba Meison taldekoak ere hor kokatuko? Uneren batean gitarraren soinuak Nueva Vulcano ere gogorarazi digu, nahiz eta osotasunean urrun daudela esan daitekeen. Riff zorrotzak eta erritmo azkar zein jostariak tartekatzen dituzte eta lehenengo erreferentzia interesgarria da Betepaetarekin plazaratu dutena. Fresko sartzen den lan horietakoa.

Gitarraren akordeen soinuak ematen du atentzioa lehen unetik ‘Esku bete iltze’ abestian, tonalitate eta kolore berezi bat baitute. Baxua riffei jarraika eta bateria trakzio lanak eginaz, harik eta zubian beste bide bat hartzen duten arte. Post punka dela esan daiteke, baina surfero samarra ere bai, zergatik ez.

‘Zeru bat poltsikuen’ riff eta erritmo oso markatuarekin hasten da eta berriz ere akorde progresioak ematen du arreta, ezohiko samarra baita. Askori Tatxers etorriko zaio burura, azken urteetan erreferentzia nabarmena izan direlako 80-90etako soinu hauetan, baina pauso bat harago doazela esan daiteke sorkuntzan Meison, marka propio bat utzi nahi dutela dirudi, nahiz eta giro horri eutsi.

Oihartzuna eta beste soinu batetara eramaten gaituen sarrera du ‘De la serrure’ kantuak, nahiz eta chorusak bere presentzia nahikoa azkar egin. Lehen zatian, gainera, bateria da presentzia gehien hartzen duen instrumentua. Abesten amorru gehiago entzun daiteke hemen, apurtuago ari direlako; gainera, ahotsari trataera desberdina eman diete. Kantuak espazio gehiago ere badu hori nabarmentzeko, nahiz eta errepikan hiru ahotsek eta instrumentuen dinamikek dena bete.

‘Ganbara II’ tempoz nabarmen jaisten da eta epika nostalgiko bat hartzen du sarrerako riffak horri esker. Baterian soinua gordinagoa da, ahotsa atzera botata dago eta horrek are kutsu nostalgikoagoa ematen dio piezari. Laino mehe batek dena estaliko balu gisan entzuten delako zubi lanak egiten dituen, edo guk horrela ulertu dugun, abestia.

Bigarren zatiari energia handiz heltzen diote horri esker ‘Ultrapop’ piezaren lehen unetik. Ultrapopa, izan daiteke estilo berri bati etiketa emateko moduko zerbait. Berriz ere gitarra soinu bereizgarri hori agertzen da, doinu dantzagarri batean, surfeko elementu horiek ere erakutsiz break eta halakoetan. Nahiz eta The Strokes bezalako taldeen riffak ere etorri zaizkigun gogora uneren batean. Etiketa propioa, Meison dela esan dezakegu dagoeneko, eta etorkizunean ere hala jarraituko dugula esaten.

Rock klasikoagoa den lehen kolpe baten ostetik sartzen da ‘Udaberri berri bat’. Garbiagoa den gitarra bat, baxu markatuago bat… erritmoetan jolasak eta kantatzen ere unisonoko koroan bakoitzak bere egiteko modua erakusten digute.

Alarma dei moduko batekin hasten da ‘Nasa’ kantua, elektrizitate zarata desagertzen doan heinean gitarra erdi-garbi bat agertzen doala. Musika urrun dagoen sentsazioa areagotzen du ahotsaren trataerak, ez baita kasik entzun ere egiten abesten dutena, baina ‘Ganbara II’-rekin gertatu moduan, zubi lanak egiten dituen kantua da. Izan ere indartsu sartzen da segidan ‘Bariku baten kronika’, bateria indartsuena sartzen den abestia ezbairik gabe. Berriz ere abiadura protagonista, eta gaztelerazko esaldiren baten presentzia ere bai.

Gaztelerazko esaldi horietatik abiatuta, azken abestia erabat gazteleraz izatera pasatzen da, ‘Vértices y cornisas’ abestia, diskoko azkena, hizkuntza horretan baita. Lokalean entseatzen balira moduan irudika dezakegu bateriaren soinua sarrerako kolpeetan, ondoko gelan kokatuko bagina moduan. Baina segituan aldatzen da, eta berriz ere lokomotora moduan eramaten gaitu Aiert Agirrek kantuan aurrera, gitarra eta baxuarekin Unai Unzueta eta Ibon Azpiri dinamikak sortzeaz arduratzen baitira.

Disko freskoa, interesgarria, Meisonen estreinakoa.

Lo siento, debes estar para publicar un comentario.

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.