Galarrena
Discos / Mconak

Galarrena

7 / 10
Urko Ansa — 17-04-2016
Empresa — Mauka
Género — Rock

Erritmo kutsakorrak, dantza egiteko garapen ezin aproposagoak eta Irlandako folk-punkaren erakargarritasuna, dena CD batean bilduta. Horrez gain, instrumentazio borobilak, errepika itsaskorrak egiteko abilezia aparta (“Gu” eta “Ontzia noraezean” zirraragarrietan, adibidez) eta festarako gogoak, estilo honen jarraitzaileak paradisura eramango dituzte. Bide batez, zeinen ederra den euskara estilo honetan entzutea!

Badaukate mutil hauek, oso oker ez banago laugarren lana aurkeztera datozenak, abesti borobilak egiteko berezko dohaina. “Jaso aingura kluba”, “Hitz gordinak” eta “Bizirik” hasierako trilogiarekin argi geratzen da zertara datozen. The Poguesen jarraitzaileentzat talde ideala, kontzertuetan oraindik intentsuago izango direla zalantzarik ez dut. Baina gehiago dago: ahotsen maila benetan harrigarria, single garbiak egiteko gaitasuna (lauzpabost bai, sobera), abesti geldo bat (“Galarrena” itsaskorra) eta martxa, sekulako martxa. “Ontzia noraezean” kantaren abiadura ere kutsakorra da oso. “Erria txikota” bizia da ere, neska baten ahotsa lagun izateaz gain (Maitane Mazmela). Azken kanta horrek luxuzko beste gonbidatu bat dauka: Jose Alberto Batizen (Akelarre, Anje Duhalde, Gatibu, Fito y los Fitipaldis…) gitarra hiltzailea.

Finean, estilo honen jarraitzaile ororentzat erregalu erakargarria. Ez itzazu galdu zure herritik pasatzen badira. Lekeitioko pirata talde honek jada bere lekua egina dauka euskal eszenan, nahiz eta oraindik poztasun askoz ere gehiago emango dizkiguten. Ziur.

Lo siento, debes estar para publicar un comentario.

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.