Zulotik
Discos / Lepora

Zulotik

7 / 10
Mikel Izarra — 20-07-2023
Empresa — Bonberenea Ekintzak
Género — Rock

Lepora laukote gasteiztarra bueltan da bigarren lanarekin: "Zulotik". Sei post hardcore zartada, estiloan arakatuz eta mami guztia ateraz. Beteranoak dira taldeko partaideak. Beti ere estilo gordinen ildoan, talde askotan jo baitute: Same Old, Eh!, Libe, Bronze, Tutan Come On, Iont, Kashbad… Eta agian komunean izan dezaketena horixe bera da: muturreko estilo eta jarrerak. Bai eszenatokietan eta baita eszenatoki azpian lan egiterako orduan: gaztetxe eta areto autogestionatuen zirkuituak inoiz baino biziago dirau eta.

Horren erakusle da diskoa Txap Osinaga handiarekin grabatu izana Bonbereneako estudio historikoetan. Txapen ohiko ekoizpenetik apur bat aldenduz, nahiko garbi eta zehatza da diskoaren soinua, eta letra guztiak taldeak landu ditu gaurkotasunezko gaien harira, „Analfabeto politikoa“ delakoa ez ezik, Bertolt Brechten itzulketa batean oinarrituta. Ahots zainduak ezustea ematen du lehenengo entzunaldian; badu kantatzeko tartea, oinarri erritmiko zirrarazko eta iragarraezinearen gainetik. Entonazio larriekin, eta bihurgunez betea, distortsio tolesduren artean tartea irekiz eta kantuei narratiba emanez instrumentu txolopote kalkulatuaren inguruan. Baxu kementsua, gitarra zorrotz eta kirrinkariak… Anabasa bai, baina baita momentu lasaietarako tartea, geruzak oso ondo landuta baitaude, eta irakurketa anitzetan deskubritu daitezke ñabardura, detaile txiki eta esperimentazioak.

Beraz, okerra da posthardcoreak 90ko hamarkadan gedirik geratu zela esatea. Talde askok etenik gabe jorratu dute estiloa, esta berau zorroztu, perfekzionatu eta garatu egin da denbora eta medioen poderioz. Bai teknikoki eta baita gai berrien sarrerarekin posthardcore garaikidea txantxa bat ez dela frogatu dezakegu. Eta Leporaren ibilbidea horren erakusle argia da: bi lan sendo sinatu dituzte denbora motzean. „Zulotik“ berri honek ondo baino hobeto merezi ditu buelta batzuk, behintzat milaka aldiz entzun duzun Fugaziren hori pakean uzteko! Estiloko ariketa formulan geratzen ez den lana, Rodrigo Garciaren diseinu txukuneko biniloan bilduta, gainera.

Lo siento, debes estar para publicar un comentario.

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.