Erregaia
DiscosKeia

Erregaia

7 / 10
Jaione Dagdrømmer — 19-03-2022
Empresa — Egilea editore
Género — Rock

Keia taldekoek barruan kea baino sua dute gorderik, eta euren lehen disko luzeko abesti bakoitza entzulea berotzen duten sugarrak dira, su eder bat osatzeraino. Erregaiak soberan dituzte: Ane Arrutiren nortasunez betetako ahots gardena; eta Latzen, Potemkin, Sharon Stoner edo Sorkun bezalako taldeetan aritutako Iñigo Ibarrondo, Iker Martinez de Zuazo eta Egoitz Olalderen esperientziak. Ezinbestean Birkit edota Anari etorriko zaizkizu burura ziur, edota 90. hamarkadako rock alternatiboa, soinua ezaguna baita; baina aldi berean baita freskoa ere.

Oinarri erritmiko trinkoa dute, gitarrak protagonista dituzten, kantuek; baina darien sentiberatasunak orekatu egiten ditu, entzulea aspertu beharrean, etengabe, datorrenaren zain utziz. Hipnotikotik ere badu zerbait diskoak; agian Ane Arrutiren ahots epel eta letra barneraikoen erruz. Diskoa, entzulea, apurka-apurka, bere sareetan harrapatzeko milimetrikoki pentsatuta dagoela dirudi.

Izan ere, patxadaz gozatzeko lana da. Horrenbeste zarataren artean, musika benetan entzuteko behar den errituala burutzeko grina pizten dizuna: diskoa jarri, beharbada ardo kopa bat prestatu eta lasai jesarri, erlojuei muzin eginez. Abesti bakoitzak, bere ezaugarriaren arabera, garatzeko bere denbora hartzen du, presarik gabe, orain hiru minutu, hurrengoan sei eta ondoren zortzi. Slow music mugimendua existitzen al da? Hala bada, Keia gure euskal ordezkariak dira. Presaren basamortu geroz eta idorragoan zintzotasunaren oasia dira. Dena den, egurra ematen ere badakite, soseguaz benetan gozatzeko, noizean behin, dezibelak igotzea ezinbestekoa dela jakingo balute legez.

Egungo modan dauden estiloei jaramonik egin gabe, musika pasioz bizi dutela nabari da. Horretaz jabetzeko euren lehen lana entzutea besterik ez dago. Entzutea ahazten ari zaigun garai hauetan, disko hau gustu onez egindako ariketa gozagarria da.

Lo siento, debes estar para publicar un comentario.

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.