Dirudienez
DiscosKarma

Dirudienez

8 / 10
Iker Gurrutxaga — 28-05-2025
Empresa — Autoekoizpena
Género — Rock

Lehen lan luzea kaleratu berri du Karma hiruko baxenabartarrak. 'Odolean dena' EPa kaleratu zuten duela bi urte eta 'Dirudienez' diskoarekin datoz orain. 9 kantuz osatu dute eta erreferentzia aniztasuna handia da. Power trio formatua dira eta ezinbesteko konparazioa da Berri Txarrakekin egin daitekeena, ez ditu alferrik erabiltzen Antton Daraspinek Telecasterra eta 335a. Baina Errobiren eta batez ere Mixel Ducauren unibertsoa ere badarie haien kantu eta melodiei. Rock azkarra, metala eta progresiboa landu dituzte.

‘Zepo bakarra’ kantuak irekitzen du diskoa eta aipatu 335aren soinua hor nabari da, pasarte garbietan, chorus ukitu batekin. Nahitaez Gorka Urbizuren eta Berri Txarraken unibertsora eramaten gaitu Antton Araspinen jotzeko moduak, hitzetan musika industriaren eta arrakastaren inguruko zalantzak plazaratzen dituzten bitartean.

Kantu progresibo batek, ‘Eta oharkabean’ kantuak, ematen dio segida diskoari. Behetik gora egiten duen kantuak badu aldaketa nabarmen bat, «Katarsia» esan orduko. Errobi eta Ducauren armonietara bideratzen dute kantua, azken zati konplexu bezain eder batekin.

Larrialdi klimatikoaren gaiari heldu diote, berriz, ‘Plastikozko oasia’ abestian. Plastikoak gure egunerokoan duen presentziaren larritasuna azpimarratu dute ahots polifonia ederrean. Araspinez gainera, Benjamin Delabaca eta Miguel Etxeberrik ere beren eztarrietatik ateratako doinuak batu dituzte diskora.

Gitarra arinak eta hard rocka uztartu dituzte, berriz ‘Itzala bezain aske’ kantuan, sokazko instrumentuen elkarrizketak presentzia nabarmena izan dute, gainera, pieza honetan. Zoriontasun perfektuaren bila ase ezinda gabiltzanaren mezua ere zabaldu dute diskoan ‘Asetzen ez dena’ abestiaren bitartez. Pello Artabe arratiarrak hartu du parte abesti honetan, Eskean Kristo taldean ezagun egin zenak, alegia.

Gure nortasuna hizkuntzatik abiatzen dela azpimarratu dute ‘Burutik eskuetara’ abestian. Kantuak badu Red Hot Chili Peppersen funk kutsu hori eta Rage Against The Machinen txandal-metalarena ere, nahiz eta pasarte rock & rolleroagoekin ere egiten dugun topo. Dotore landu dituzte unisonoak kantu honetan, izan ere, instrumentazio guztia blokean eta batera entzun daiteke uneren batean edo bestean.

‘Zoin muga’ konplexuak gainetik kentzeko oihua, ‘Geroa gurea’ 90etako rock alternatibora eramaten gaituen abestia eta erlazio toxikoen inguruan dabilen ‘Marrubi ustela’ esperimentala dira diskoa ixten duten hiru abestiak.

Patrick Fischer izan da Bastidako Nomad Recording estudioan teknikari lanetan aritu dena eta Camile Chopin eta Lucas Petrissansen artean osatu dute diskoaren azala. Lan ederra benetan estreinako LPa izateko.

Lo siento, debes estar para publicar un comentario.

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.