Bihotzera giltza
DiscosJulen

Bihotzera giltza

7 / 10
Iker Gurrutxaga — 28-07-2023
Empresa — Autoekoizpena
Género — Pop

Ez dira kantu berriak eta egun sortzen ari denaren isla ere ez da izango ziur aski Julen Leturiondoren "Bihotzera giltza" diskoa. Lau kantuz osatutako lana da eibartarraren debuteko albuma eta guztia mimo handiz zaindu du su txikian egositako proiektu honetan.

Trikiti munduan ibilita 2019an sortu zuen disko honetako lehen abestia, ‘Ixilduak’. Lehena garaian, diskoa ixteko baliatu baitu, nahiz eta single moduan ere berau ezagutu genuen lehendabizi. Trikitixa erabilizi konposatuta dago, armonian sortzen duen mutilazioa haintzat hartu behar da, baina, beste lau abestiak bezalaxe, behetik gora egiten duen kantua da, bideoklip dotore batek lagunduta aurkeztu zuena.

Melodietan bilatzen du Julenek abestian bere ahotsa nabarmentzea, baina gainerako elementuei modu finean eman die presentzia. Erabat orekatuta daude elementu guztiak diskoan, armoniari eta erritmoei ere dagokien garrantzia emanaz. Tinbre berezia du eibartarrak kantatzeko eran, eta berak badaki horri zukua ateratzen.

Bitxikeria moduan, dena lokal batean grabatuta dagoela da eta ez estudio profesional batean. Eñaut Gaztañagak nahastu du gerora guztia, baina gainean egon da Julen bera ere, nahi zuen hori benetan transmititzen zela ikusteko, eta borobila geratu zaio nahasketa.

Sorkuntzan nabari da lehen abestiak direla, lehen diskoa dela, batez ere sudurraren puntan jarritako egiturak dituztelako abestiek, ‘Ionosfera’ kantuan nabarmen geratu denez. Ryhtm & Blues zati bat badu eta tarteren batean kolperen bat ere lapurtzen digu bateriak erritmoan. Txikikeriak, baina xehetasun horiek egiten dute berezi askotan abesti bat.

Gazteleraz ere ausartu da ‘Víctimas del bien’ kantuan. Koral interesgarria du kantu horrek eta ahots guztiak Julenek berak egin ditu diskoan, nahiz eta zuzenekoetan musikariak arduratuko diren babesa emanaz kantatzeaz.

Diskoa ireki, berriz, funky ukitua duen ‘Itzalaren babesean’ abestiak irekitzen du. Intro bitxia du eta Leturiondok berak kontatu duenez, «soinu nahiko berezi edo zehatz bat nahi nuen, ez nuen lortzen sintetizadorearekin hori. Bada, bateriaren platera baten soinua alderantzikatu eta fa nota batean kokatuta dago lortuta». Esploratzaile fina, beraz, eibarko musikaria.

Jantziak, argien diseinua, diskorako ilustrazioak, bideoklipak… Estetika sonoroaz gaindi, irudia ere asko zaindu du eta bere sare sozialei (@its_julen) erreparatu besterik ez dago hori horrela dela jabetzeko. Abuztuaren 16an Donostiako Boulevardeko kioskoan izango da zuzenean ikusteko aukera, baina, gainerakoan, 2024rako buruan duten proiektu batetan dabiltza zentratuta. Kantu hauek 2020 eta 2021ean eginda daude, baina aurreratu du hori ez dela egun bere etxean lanean ari den Julen eta zerbait desberdina, elektronikoagoa, iragarri du eibartarrak. Ikusiko dugu zer bide jorratzen duen.

Lo siento, debes estar para publicar un comentario.

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.