Lepok
DiscosJoseba Agirrezabalaga & Mikel Vega

Lepok

7 / 10
Iñigo Basaguren-Duarte — 17-02-2023
Empresa — Urpa i Musell
Género — Experimental

Izan zenaren murru zatien ondarretan, bide luze bat egina duten -aspaldiko- bi lagun batu dira itzalita dirudien sua birjaiotzeko helburuaz. Alde batetik Mikel Vega dugu, Sestaotar ipurterrea, mila batailatan aritutakoa. Batzutan galtzaile, besteetan irabazle, baina beti bizirik atera dena. Kitarraren kutxa ireki eta iraganean metatutako zauri eta altxorrak atera ditu. Bestetik Joseba Agirrezabalaga dugu, Errezildar semea, bere Urolako gotorlekua utzi eta hango mendi eta haranetako sekretuak boltsa batean ondo gorderik dituela etorri da. Bi jatorri, bi genealogía musikal desberdin -edo ez hainbeste- aurrez aurrez. Bi musikariak, bi lagunak, ahoa ireki gabe musika egiteari ekin diote. Inolako irizpiderik, legerik esta aurreiritzirik gabe. Horrela behar du.

Bi musikari eta lagun hauen arteko elkarrizketaren ondorio da “Lepok” (Urpa i Musell, 2023) inprobisazio sesio bat den arren egitura sendoa duen lana. Bien eskarmentua eta elkar ezagutza nabaria da diskoa osatzen duten bost abestietan. Aurretik inoiz elkarrekin jo ez badute ere, konplizitatea agerikoa da, aspalditik ikusi gabe duzun lagun batekin topatu eta bost minutura bizi oso bat pasatu izan ez balitz bezala ematen den horietakoa.

Elkarri zer kontatu dioten deszifratzeko, sortu duten hizkuntza propioa ezagutu behar dugu. Bakoitzaren tradizioaren arteko sinkretismo antzeko bat da, zeinetan Mikelen kitarra zorrotzak eta Josebaren arte intimista elkartuko diren. Lehenengo abestian hitzak totelka ateratzen zaizkie. Lotsatua baino, esan behar dutena celosamente gordea balute bezala. Diskoak aurrera egin ahala emozioz beteriko hartu-emanaren lekuko izango gara: euforia, adiskidetasuna, beldurra, poza eta amorrua. Guztia giro intimo eta bero batean garatuko da, piztu eta elikatu duten suaren aldamenean. Inguruan dutena desagertuz joango da eta paisaia berriak sortuko dituzte.

Elkarrizketari, diskoari, bukaera eman eta isilik itzuliko dira bakoitza beraien jatorrira. Bilbo post-industrialera bata, Urola magikora bestea. Sua piztuta geratuko da, nahi duenak mirestu dezan, gordetzen dituen sekretuak asmatzen saiatu dadin.

Lo siento, debes estar para publicar un comentario.

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.