Uda
Discos / Iker Lauroba

Uda

7 / 10
Iker Gurrutxaga — 24-10-2021
Empresa — *ZART
Género — Pop

Lau urtetan lau urtaroei disko bana eskainiko ziela agindu zuen Iker Laurobak eta bete du hitza. Udazkenean hasi zen, gero negura salto egin eta urtebete azpitik kaleratu ditu "Udaberria" eta "Uda" diskoak. Garai bakoitzak iradokitzen dionari sortutako melodiak eta hitzak jaso ditu lau urtaroetan barna donostiarrak, baina badira disko bakoitzean beste urtaro batean entzuteko moduko abestiak ere.

"Uda" izeneko disko honetan doinu alai eta udatiarrak eskaintzen ditu eta Atlantikoaren beste aldeko doinuak ere ekarri ditu Euskal Herrira; hala nola, bossanovak edota son kubatarra. Gainera deigarria da benetan nola landu dituen han erabiltzen diren elementuak gure belarrietara zerbait desberdina eskaintzeko. "Parabirubi" edota "lapdarara" bezalako fonemak oso ohikoak izaten dira Brasilgo bossanova abestietan, bada, Laurobak hitzekin jantzi ditu fonema horiek "banpiro bi" edota "lanparar"» hitzak erabiliaz eta abestietan hitz horiek txertatu ostean mezu orokorrari eraginik sortu gabe.

Sarean hitz jokoekin txiste ugari egiten irakurtzen dugu sarritan Lauroba eta, hor erabilitako teknikak aprobetxatuz, diskoan ere hitzekin jostari ibili da musikari donostiarra, benetan dotore egin du hori gainera. "Pake bailara" kantuan titulutik iradokitzen du hori gainera musikari donostiarrak, izan ere zentzu desberdina hartzen du gazteleraz ulertuko bagenu. Eta noski, nola esan kubatar bati zertarako dantzatzen duen? Baina Kubatik bertatik ere zoriondu dute, sortu duen abestiak hango musikari batek sortua dirudiela esan diotenean.

Kolaboratzaile ugari eta onak izan ditu Laurobak disko honetarako, Josu Erviti eta Hilario Rodeiro aritu dira bateria jotzen, Rayco Gil perkusioan, Nerea Alberdi haize instrumentuen moldaketetan eta, ahotsetarako, Leire Berasaluze, Sara Azurza, Olaia Inziarte, Fariba Sheikhan eta Esti Markez izan ditu bidelagun. A zer nolako zerrenda. Gainerako instrumentu guztiak, Iker Laurobak berak jo ditu, tres kubatarra izan ezik, hura La Jodedera taldeko Oscarrek jo baitu. Aipatu beharrekoa da emakumeen ahotsei eman dien espazioa eta nolako berotasuna eman dioten diskoari ahots horiek guztiek. Kantuak belusezko bihurtu dituzte ahots horiek guztiek.

Disko honekin *ZART kolektibora batu da Iker Lauroba, disko honetako berrikuntza nagusietako bat hori izan delarik. Artista handien ondoan egoteak errespetua ematen diola aipatu du Laurobak, baina aldi berean lotura handia senti dezake haiekin. Erreferente eta lagun izan ditu kooperatibako kide batzuk eta bertan bere tokia merezi duela erakusteko lana benetan ongi egiten saiatuko dela ere gaineratu du.

Momentuz bikain aurkeztu du "Uda", Donostiako Victoria Eugenian eta luxuzko gonbidatuekin (Olatz Salvador, Esti eta Mikel Markez, Eñaut Elorrieta, Izaro, Jony Camacho eta Lucas Delgado) igo baitzen oholtzara beste urtaroekin batera. Hori bai, lau urtaroetako abestiak jo zituzten. Hemendik aurrera, ea diskoa zuzenean aurkezteko aukera gehiago izaten duten. Tenperaturak apaltzen hasi direnean, etxeko goxotasunean, begiak itxi eta itsasertzera edota paradisuko hondartzetara bidaiatzeko diskoa da ezbairik gabe Laurobarena. Eguzkia ez da ezkutatuko aurtengo neguan kantu hauek entzuten ditugun bitartean.

Lo siento, debes estar para publicar un comentario.

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.