Baxu linea oso landuak, erritmo jostariak eta gitarra ez hain zikinak, melodikoak diren abestietan. Bi EP atera dituztea, eta bigarren honetan distortsioa eta soinu garbia bikain uztartu dituzte, melodientzako espazio nabarmenak utziz. Josu Arizaleta, Markel Flores eta Julen Izkue dira Hiuzz eta, kontuz, hauek ere zeresana eman dezaketelako etorkizun hurbilean, bai behintzat underground eszenan.
Kantuak arin entzuten dira, 5 dira, autoekoizpenean eginak erabat. Eta horrek ere azpimarra merezi du. Maketa moduan ulertu behar direlako bai lehen lana eta baita bigarrena ere, edo hori da behintzat haiek kontatzen dutena. Estudio batean sartzen direnean, ahozabalik geratu garela nahiko gauza segurua da.
Bai ’Nola’ hala ‘Hegaka eskapo’ ere, bi kantuak 80en eta 90en arteko muga horretan daude, nahikoa introspektiboak diren bi aste dira biak ere. Lehenengoan norberarekin bakean bizitzearen garrantziari buruz ari dira, eta, bigarrenean, erlazio bat bukaerara iristen denean agurtzea zenbat kostatzen den esaten ari zaigu.
Baina hirugarren kantuan, ’Pedal kolpe bat’ abestian, beste rollo bat hartzen du guztiak. Rock&rolleroa da, ahotsaren efektuak eta gitarraren garbitasunak nolabait ere besarkatu egiten gaituzte. Eta kantuan zentzua hartzen du horrek guztiak, bakardadeari eta ahanzturari izaten diogun beldurrari begira jartzen gaituztelako Hiuzz taldekoek. Goxo hartu ostean, guztia askatzera animatzen gaituzte, barrua askatzen laguntzen duen kantua dela esan daiteke. Eta hemen sartzen dira gitarra eta baxu astunenak jokoan. Kontraste polita duen abestia inondik inora ere.
Antzerako zerbait gertatzen da ‘Dena ez da berdin’ kantuarekin. Gitarraren distortsioaren eta baxuaren artean sekulako gorputza hartzen du guztiak, eta Julen Izkuek nahasketak egiterakoan hori ere bikain zukutu duela esango nuke. Nabarmendu behar, halaber, Josu Arizaletak baxuan egiten duen soloa. Garbi geratzen da diskoan zer nolako garrantzia izan duen Arizaletaren lanak pasarte hau eskaintzen dioten unea iristen denerako, baina hemen bere momentua izan du, gozatu du.
Bosgarren eta azken kantua, ‘Amildegi ertzean’, berriz ere baxuarekin maitemintzeko une batekin hasten da. Baina batez ere sekulako argia duen kantua dela esan behar, amildegi ertzean dagoen inor lurrera begira jarri ordez zerura begira jartzen duen horietakoa. Disko guztian ikusitako etsipena eta iluntasun guztia kontuan hartuta, beti ere letrei erreparatuz noski, itxiera borobila ematen diona. Kasik esan genezake disko kontzeptuala bihurtzen duela abesti honek gainerakoarekin lotzen saiatzen bagara behintzat. Baina ez da horrela.
Bigarren EPa hilabete gutxian kaleratu dituen, etorkizuneko disko bat jomugan duen eta disfrutatu eta zuzenekoez gozatzeko nahia duen hirukoa da Hiuzz. Ikusiko dugu zer nolako etorkizuna duen proiektu iruindar honek.
Lo siento, debes estar conectado para publicar un comentario.