Haize beltzak
Discos / Hegazkin

Haize beltzak

7 / 10
Iñigo Basaguren-Duarte — 09-07-2021
Empresa — Mukuru
Género — pop electrónico

Bidaiarik arriskutsuena norberaren barnean egiten dena da. Enfokeak aldaketa erradikal bat eskatzen du: enfasia barneko munduan ipini beharra dago, makrokosmosa alboratu eta mikrokosmosean arreta jarriz. Hori da Hegazkin taldeak proposatzen diguna bere "Haize Beltzak" (Mukuru, 2021) estreineko lanean: barneko erreinuan zeharreko bidaia. Sei abesti, sei etapa barneko kobazulo eta amaraunetatik; industrigune ahaztu eta eraikin hutsen gainetik; norberaren kartzelatik ihes egin nahi duten ametsetatik zehar. Alayn Carazo eta Iosu Isaias “Isuo” ditugu proiektu honetako bi kideak, hegazkin honen bi pilotuak. Beraien trip-hop doinuak izango dira motore eta lasai asko bidaiatuko dugu beraiek markatutako erritmoan. Turbulentziarik izango ez den arren, gorakada eta beherakadak, azelerazio eta geldotzeak biziko ditugu.

Biak aski ezagunak dira musika munduan. Alayn seguru bat da kontrolean. Ordenagailurik gabe, sintetizadoreak maisuki erabiltzen ditu soinu bero eta organiko bat lortzeko. Inoiz zuzenean ikusteko aukera izan baduzue badakizue zertaz ari naizen. Emaitzak sinplea eman badezake ere, apaingarri gutxirekin eginda baitago, dotorea da oso. Isuoren ahots beroa ederki moldatzen da erritmoetara musikarekin bat egin arte. Hitzek badute halako zerbait eztiki inguratu, barreneraino sartu eta ispiluaren aurrean jartzen zaituztena.

Bidaia honetan kordenaturik ez du adieraziko kabinako radarrak. Norabide finkorik gabe joango gara sei abestietan zehar, bakoitzean paisaia desberdin bat ezagutuz. Hasierako trip-hop lasaietik ("Begietan") erritmo bortitzagoetara joango gara ("Isilpean nabil orain"). Batzutan mantso ("Lehergailua"), besteetan azkarrago ("Izar euritsua"). Erritmoek, hitzek eta ahotsak lehiatilatik gozatuko dugun giro berezi bat sortuko dute. Bukatzeko, norberaren ezagutza bidaia guztietan bezala, errebelazio batekin itzuli beharra dago, katarsi batekin. Hori izango da ‘Trantzea amaitzean’ abestiak utziko digun sentsazioa. Horrekin itxiko da lehen lan hau. Hurrengo bidaiarako maleta prest dugu.

Lo siento, debes estar para publicar un comentario.

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.