Pilula bi
DiscosHartz

Pilula bi

8 / 10
Iker Gurrutxaga — 24-11-2025
Empresa — Autoekoizpena
Género — Rock

Sei urteko isilunearen ostean bueltan da Hartz taldea. Hirukote izatetik laukote izatera pasa dira eta soinuan ere nabari da eboluzio bat izan dutela. Denbora ez dela alferrik pasatzen, alajaina. Hirugarren diskoa da talde azkoitiarrak kaleratu duen "Pilula bi" eta gitarretan-eta badu nolabait ere Matadeixeko nortasun hori. Rock landua dute, pausa batean entzuteko diskoa eta, udan kaleratu badute ere, udazkenerako aproposa. Zazpi abesti, dinamika, distorsio eta erreberberazio dosi altuz jantzi dituztenak.

Halako riff garbi batekin irekitzen badute ere diskoa, bigarren kolpean distortsioa eta perkusio indartsua datoz, baina ez dira astunak suertatzen, argitsua baita ‘Entzuten al duzue hori?’ kantua. Melodikotasunak eta oihartzunak asko laguntzen dute horretan. Kantuaren azken esaldian harreman bateko zaintzaz ongi hitz egiten du, baina indibidualetik kolektibora eraman daiteke mezua: «zepoak apaindu beharrean kentzen ibiliko bazina, orain negarrik ez legoke».

Bigarren abestian, ‘Zapiak hara’ amorru gehiago nabari daiteke, abesteko modua ere apurtuagoa da, ditortsioa zikinagoa eta horrek pisu gehiago ematen dio errepikari. Estrofetan dena zabalagoa da, perkusioak espazioa uzten diolako guztiari, txaloak barne. Metrikan 3/4ko konpasari eusten diote hemen ere, eta tenpoa erdira, sakontasun bila-edo. Gizarteari beste kritika bat nabari diogu hitzetan: «batzuk ez dugu, igogalurik, joan etorriak gozatzen goaz arrastaka bizi gara, eta duin…». Interesgarria esaldi hori ere.

Hirugarren abestian tenpoak lasaiak izango direla aurreikusi dezakegu disko honetan, baina berriz ere gitarra zorrotzagoetara pasatzen gara eta horrek freskotasuna ematen dio ‘Hil argi’ piezari. Letra poetikoak dira ondo idatziak eta landuak, eta hori eskertzen da, egun arinagoak izaten ari baitira testu gehienak. Pasarte desberdinak ditu kantuak musikalki, riff bera oinarri izanda, gitarra geruza mordo bat, baterian jolas desberdinak eta ahotsetan melodikoagoak diren pasarteak bigarren eta hirugarren ahots landuekin jantziak. Kantu borobila ezbairik gabe.

Diskoari izena ematen dion ‘Pilula bi’ kantuarekin segitzen dugu aurrera. Halako malenkonia eta emo puntua du sarreratik, ez oso gomendagarria sentibera bazaude. Beno, edo bai, barrukoa kanporatu nahi izatekotan. Gero, letrari erreparatu eta parean asmatu dutela argi dago, minari buruz egiten baitu hitz: «Minarentzat pilula bi, autoestimu txute bat, irtenbideak tantaka eta, nahikoa ez izatea…». Baxu-bateriaren arteko sakontasuna, gitarren armoniek eta amorruz kantatze horrek nebulosa horretan sartzen zaituzte, eta gitarrarekin egiten dituzten apaindurek dramatismoa areagotzen dute. Bigarrenez, kantu borobila hau ere.

Tenpo geldoko lau abestiren ostean, azkarragoa den ‘Errua’ kantuari ematen dio paso diskoak, rock klasikoago batetara bidaiatzen dugularik. Aurreko abestiko haserre eta zulotik irten eta musikak eskaintzen duen mezu positiboagoa ere ematen du: «saminaren yonkia bilakatu zara… ez da zure errua suaren alde egotea».

Berriz ere tenpoak behera egiten duen arren, dantzagarri samarra den ‘Zu huts’ abestia dator atzetik. Diskoak oso izaera 90etakoa du eta erreferentzia sorta luzea etortzen zaigun arren, Seattlego eszena grungean duela abiapuntua esango bagenu, ez ginateke urrun ibiliko, eboluzioak eboluzio, british kutsua eduki ere baduelako abestiak. Jostaria, eta hitzek «haztartetik doa ihes» esaten duen unean hori bera betetzen da, kantuak berak ere halako bira bat eman eta ihes egiten dizulako eskuetatik.

‘Nik,’ kantuarekin ixten dute diskoa azkoitiarrek. Krisialdia nola hala gainditu izanaren mezu bat emanaz abestiaren bukaeran: «Eusten, nauen hari mehe honen, helduleku ahulenek, arnasgune bila dabiltza…». Chorusdun gitarrak, abesti azkarragoa… kantuen bitartez bidaia gazi-gozoa eginda, lan oso txukuna egiten dutela esan daiteke Hartz taldekoek. Bidaia sentsorial bat musikaren bitartez proposatuz, hitzak eta musika erabat uztartuz… Gitarrekin akabatu nahi dutenentzat erantzun moduan aurkezteko diskoa. Itxaronaldiak, ezbairik gabe, merezi izan du.

Lo siento, debes estar para publicar un comentario.

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.