23.556
DiscosGēre

23.556

7 / 10
Jaione Dagdrømmer — 21-05-2026
Empresa — Autoekoizpena
Género — Sythwave

Musikak badu irudiak iradokitzeko ahalmena. Bada Iñaki Gereñuren (Peachy Joke) proiektu berriak hiriko argiak kantu bilakatu ditu. Zaila da jakitea bere erreferenteak gehiago izan diren musikalak edo zinematografikoak. Izan ere, ekoizpen zorrotzari erreparatzen badiogu Daft Punk-en diskoen ekoizpena datorkigu gogora, detaile guztiak mimoz landuak baitaude. Alta, musikalki "Drive" edo "Blade Runner" filmak gogorarazten ditu ezinbestean.

Pelikula hauen hoztasun epelean oinarrituz melankolia dantzagarria sortu du Tolosarrak sintetizadore analogiko, zein digitalekin eta bateriaren erritmo sakonekin. Zuzenekoetan, azken instrumentu honen atzean, Lander Zalakin (Belako) egongo da Gereñurekin batera. Erritmo robotiko hauen artean, noizean behin, ahotsak agertzen dira, teknologiaren eta gizakiaren arteko elkarrizketa hunkigarria eraikiz. Honen adibide dugu "Jakin nahi nuke" singlea. Bertan Kilikiren (Chill Mafia) kolaborazioak nortasun izugarria ematen dio kantuari.

Ondoren datorren "Zenbat gezur" abestiak, erritmoa jaisten du, baina disko osoan zehar mantentzen den gustu ona galdu gabe. Anbizioz gainezka dago "23.556" lana, hitzaren zentzu onenean. Kalitatea lehenesten da, ekoizpeneko detaile guztiak atmosfera limurtzailea eraikitzera bideratuz. Entzulea berehala harrapatzen duen soinua dute Montreal estudioetan (Subiza) grabatutako abesti sortek.

Elektronika retroa egiten dutela esan genezake eta estilo honetan ohikoa izaten da, izenburutik hasita, misterio apur bat eraikitzea. Bada, GĒRE proiektuaren lehen lan hau zifra enigmatikoarekin bataiatua izan da, entzulea, zenbaki andana horien atzean dagoen musika ikertzera gonbidatu nahi balitz bezala. Stafford (Virginia) hiriko posta-kodea ote? Hotel bateko gela? Matrikula bat? Entzulearen irudimena martxan jartzen du izenburuak, eta play sakatzean, ia ikusi egin litekeen musikak bere lana egiten du. Badirudi horrela bakarrik dagoela guztiz osatua diskoa: entzulearen buruan eraikitzen diren irudiekin.

Argi dagoena da diskoaren izenburu sekretuak ederki islatzen duela bertan topatuko dugun estetika industriala. Zenbakiak hoztasuna iradokitzen du, baina apurka eraikitzen diren testuretan gizakiaren emozioak azaleratzen dira. Kontraste hori hunkigarria da. Diskoko atmosfera dotoreei zukurik onena ateratzeko nire gomendioa? Gauez, autoa hartu eta presarik gabe gidatzea da, diskoak jakingo du zu nora eraman.

Lo siento, debes estar para publicar un comentario.

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.