Proiektu baten errautsetatik berriak sortzen direnean hasiera berrietara goazela ulertzen da eta hori irudikatu du ezbairik gabe Eskafandra taldeak bere debutean. Kantuen hitzei erreperatuz gero, auto-erreferentzia dezente daude eta McOnak taldearekin sortutako kanturen baten moldaketaren bat ere topatzen dugu diskoan. Folka albo batera utzi eta rocka eta bogan dauden sinteak uztartu dituzte disko honetan, garai desberdinetara bidaiatuz, perkusio elementu sendoekin eta Joseba Iturraspek kantatzeko moduari eutsiaz.
Eszenan bakoitzak bere tokia behar duela eta horri egindako kritika bat kontatzen duen rock kantu arina da diskoa zabaltzen duen ‘Erdipurdikotasuna’ abestia. Gitarra garbi eta zikinak orekan mantendu eta ahotsa modu berezian bikoiztuta duen kantua. Artista baten buruan eternal bihurtzen den galdera batekin jarraitzen du lanak, ‘Arrakasta’ abestiarekin. Rock klasikoagoa da eta nolabait ere aurretik Iturraspe zetorren proiektuarekin harremana duela esan dezakegu, giro nahikoa tabernakoa delako.
Baxu eta sinteekin giro berezia sortzen digu, berriz, ‘Eskafandra’ kantuak. Une batzuetan halako bola erraldoi bat egiten zaigu, urpera garamatza abestiak, baina, beste momentu batzuetan, oso argitusa da abestia. Hitzetan berriz, mikaztasun bat dario kantuari, zoriontsu izan beharraren kondenaz ari baizaizkigu hizketan bizkaitarrak.
Garai berrietan lekuz kanpo bilatzearen sentsazioaz dabiltza, berriz, ‘Kanibala’ kantuan. Kantu berezia, desberdina, perkusio asko, abesteko moduan Iturraspe konfort egoeratik atera balitz bezala eta errepikan teklatuekin jolas polita eginda. Sistemaren kontra-edo egindako ‘Apostasia’ kantuak ematen dio jarraipena, beste nahasketa bitxi batekin, rock amerikarraren eta hip-hoparen arteko hibrido interesgarri bat baitu kantuak.
80etara bidaia egiten dugu ‘Azken oroigarria’ abestiarekin. Espazio handiak sortu dituzte kantuaren baitan, bete-huts jolas horrekin. Mikosis taldeko Carla Raepiercei abesten izan dute ondoan eta esaldi batek markatu gaitu: «Denborarena da sinisten dudan justizia bakarra». Gernika aldetik edaten segitzen dugu nolabait ere ‘Konplize’ abestian, gitarraren soinuan Haimar Arejita edota bertako bizilagun izan zen Fito Cabrales ekartzen baitigute burura, batez ere palm-mutean jotzerako garaian sortzen den soinuarekin.
Imagine Dragons taldearen unibertsora ere eramaten gaituzte sorpresaz, ‘Ezer sentitzen’ kantuaren erritmo eta baxuak hor kokatzen gaituelako, nahiz eta, kantua swing asko duen rock batetara doan aurrera egiten duen heinean. ‘Ondotxo dakizu nora’ da taldeak sortutako azken abestia diskoan, ereserki kutsu nabarmena duen abestia, segurtasun ezaren aurrean toki seguru bila dabilen norbaiten istorioa kontatuz. Diskoa ixteko, berriz, McOnak taldearen ‘Tabernako argiak’ klasikoaren moldaketa azkar bat hautatu dute. Abiapuntu polita Eskafandrarena.
Lo siento, debes estar conectado para publicar un comentario.