Garaiz gaude
DiscosEro

Garaiz gaude

6.5 / 10
Myriam Garzia — 06-02-2017
Empresa — Autoeditado
Género — Rock

Ero taldearen bigarren lan luzea dugu "Garaiz Gaude" (autoekoizpena) diskoa, 2012an argitaratutako "Airean Mugak" (autoekoizpena) diskoaren segida. Disko berriak euskal rockaren eraginetik ihes egiten ez badu ere, proposamen freskoa eta berritzailea egiten dute Ero taldeko kideek, seinale ezin hobea euskal rocka sasoi onean dagoela. Eraginak anitzak dira, euskal popa eta rockarenak eta, horregatik ez da kasualitatea Itoiz taldearen "Hegal egiten" abestiaren bertsioa pertsonala eta rockeroa aurkitzea disko honetan.

"Garaiz gaude" diskoaren 10 abestiak ez dira kantu errezak ala edonola egindakoak, aldiz, kantu landuak eta aldaketa aberatsetakoak direla esan daiteke. Kolaborazioak ere anitzak dira, tartean: Fer Apoa (Kuraia, Estricalla), Ibai (Noizeanbehin), Aintzane Ufa, Izaskun, Leyre eta Ibon (Biok).

Neska kantuan abesten dute: “Badakizu nesken borroka nirea ere badela”. Eskertzekoak diren hitzak, eskertzen den bezala emakumeen ahotsak abesti honetan. Aintzane, Izaskun eta Leyreren ahotsek jartzen diote puntua abestiari, erakutsiz musika oraindik ere gizonen txoko bat bada ere, emakumeok asko dugula eskeintzeko eta asmatzeko eremu honetan. Onintza Enbeita bertsolaria eta diputatu ohiak Espainiako Kongresuan botatako hitz ezagunekin bukatzen da kantu hau, ozen: “Señorias: en mi moño y en mi coño mando yo y solo yo”.

Autoekoizpenaren aldeko apustu garbia egin dute Ero taldeko kideek, ez diskoetxe baten faltan daudelako, proposamena kalitatezkoa baita, beste sortzaile askok bezala euren sorkuntza zabaltzeko tresnak kontrolatzea nahi dutelako baizik. Ildo honetatik, taldearen disko biak, "Airean Mugak" eta berri hau, Garaiz gaude, doan deskarga daitezke euren blogspotetik (erotuta.blogspot.com). Bestetik, Haizea vs Horma abestiaren bideo egin dute. Ero taldearen ahalegina, kasu honetan, handia da, euren sorkuntzari hegoak emanez. Euskal musikaren aldeko apustu honetan, argi eta garbi, zaletuek irabazten dugu.

Rockak eskatzen duen bezala, lan honek baditu une ilunak, beti ere ilunetik argitara doan tunela ere badagoela ozen esanez. Garaiz Gaude izenburuak hala erakusten du eta, disdira eta itxaropena ez zaio falta diskoari, honi dagokion pop dosiarekin.

Lo siento, debes estar para publicar un comentario.

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.