Enbata Lorade
DiscosEnbata Lorade

Enbata Lorade

7 / 10
Iker Gurrutxaga — 22-06-2025
Género — Rock

Ustekabean eta gehiegi iragarri gabe, igande batez, kaleratu du debuteko disko homonimoa Enbata Lorade talde bizkaitarrak. Aurrerapen abestiek erakutsi zuten proposamen freskoa dela beraiena, rock alternatiboaren eta funkyaren arteko uztarketa dantzagarri bat. Hizkuntzak nahasten dituzte eta errimekin eta erritmoarekin asko jolasten dute, argi eta garbi. Abesteko moduak badu rapetik edota txandal metala deitzen den horretatik ere. Hala, ez da harritzekoa ahotsak protagonismo handia izatea nahasketaren ondoren, gainontzeko instrumentuak bigarren plano batean geratuz.

‘Zerbait’ deitzen den introak zabaltzen du diskoa, gero topatuko ditugun hainbat kanturen zatiak entzun daitezkeen sarrera. Segidan, ordea, ‘Igogailua’ abestia dator, bizitzan izaten ditugun gorabeheren inguruan hitz egiten duen kantua, euskaraz eta gazteleraz idatzia, Enbata Lorade taldeak berak bizitzan behar dugun argi hori eskainiko digula iradokitzen duen abestia. Hip Hop munduan mugitzen garen arren, bukaeran badu rock epikarako zati bat, bikain uztartu dituzte generoak bakioztarrek.

Erritmoak gora egiten du ‘Ardatzak’ abesti dantzagarrian, gitarra garbiaren koltxoiak eta zaratatxo berezi ugari entzuten diren kantua. Arrisku txiki bat ere hartu dute, errepika melodikoki bera bada ere hitzetan desberdina delako. Hori bada kantuak esaten duen erronka berriak bilatzearen zera hori.

‘Lola Navarro’ single moduan aurkeztu zuten, uneren batean Eneko Irastorzaren ahotsak Juan Carlos Perezena ekarri digu gogora, Itoizen kantu bat bailitzan. Gitarren elkarrizketak ederrak dira eta kantu melodikoago bat osatzen dute. Gentrifikazioaren aferari heldu diote (eta poliziaren gehiegizko presentziari ere bai, zergatik ez), berriz, ‘Lau formaggi’ kantuan, baina, kontuz, Bilbo dute abesti honen hitzetan buruan eta ez Bakio, norbaitek hala irudikatzeko bidea ematen duen arren. Erritmoaren dinamikarekin jolas egiten dute bonboaren soinua oso berezia den abesti honetan.

Beste single bat, ‘Harry ez da hil’ dator segidan. Funk-rock abesti bat, efektu asko dituena eta Urtzi Iza ekoizle eta estudioko teknikariak sinteren bat gehitu dion kantua. Baxuak borobiltasun ederra ematen dio abestiari eta kantuaren hitz psikoledikoek dotore janzten dute abestia. Rock alternatiboaren mundutik gertuen dagoen abestia da ‘Bala beltzak’, fuzz dezente duen kantua eta bigarren minututik aurrera berriz ere efektuen jolas itzela egiten dutena. Estimuluz beteta gauden eguneroko bizitzan, bala moduan jaurtitzen diren mezuak saihesteko egiten dugun esfortzuaz hitz egiten du kantuak.

‘Iritsiko da’ kantuan euskal preso politikoen egoera izan dute gogoan. Road movie estiloko abesti batean «40 minutu ordu asko dira» esaldian jartzen dute pisua. Eskertzeko moduko esaldia, kartzelako bisita batek minutu gutxi irauten baditu ere, itxaroten dagoenarentzat edota bidea egin behar duenarentzat ordu askotako kontua izaten baita. Euskal gizarteak hori oraindik ere gogoan izan behar du, 2025ean dispertsioarekin bukatu dela esan dezakegun arren.

‘Aizkora ta pala’ kantuan apustuen munduari kritika fina egiten diete ‘Wazemank’ telesaileko sampler eta guzti eta ‘AHV’ kantuan pertsonok izan dezakegun aurpegi bikoitza nabarmentzen dute txandal metal unibertsoko abesti batean.

Debuteko lan ederra eskaini digute Mikel Aspuru, Eneko Irastorza, Xabier Larrunbide, Alex Rementeria eta Nikola Zalduegik. Enbata bat bai, baina Loradea bezain fresko etorri den diskoa baita sortu dutena.

Lo siento, debes estar para publicar un comentario.

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.