ARGITZALA
DiscosEkiza

ARGITZALA

8 / 10
Iker Gurrutxaga — 14-10-2025
Empresa — Autoekoizpena
Género — Pop

Kantu goxo eta erdi akustikoak dituela esan dezakegu Jurgi Ekizak kaleratu duen "Argitzala" diskoak. Willis Drummondekin egiten duen geldialdi bakoitza bikain baliatzen du Hazparneko musikariak eta oraingoan ere ez du hutsik egin. Kantu batean dio esploratzeko bideak baliatzen dituela eta horretatik ere badu ezbairik gabe disko honek. Askotariko instrumentuak erabili ditu Ekizak, bere ahotsak beti bezala protagonismo berezia hartzen duen arren, baina behin eta berriz entzutea eskatzen du diskoak, xehetasunez josi baitu dena lapurtarrak.

Kintsugiaren metaforarekin jokatuz abiatzen du diskoa Jurgi Ekizak ‘Noizbehinka’ abestian. Poza ala mina, bakoitzak bere lurraldera eraman dezake kantua. Lehen unetik ukelele, baxu eta gitarra geruzak nabari dira eta baterian atentzioa ematen du ez dagoela bonborik. Bitxia diskoa hasteko. ‘Kontakizunetik at’ kantuan sorpresan harrapatzen gaituen elementua da autotunearen erabilera. Elektronikoa eta organikoaren arteko muga lausotu egin du diskoan Jurgi Ekizak eta zer den zer misterioan utzi nahi izan digu, nahiz eta ahotsaren kasuan nabarmen geratu efektua noiz erabili duen. Baxu beroak protagonismo berezi hartzen du abesti honetan, izan ere, bossanova mundutik gertu samar ibili da lapurtarra.

‘Gora negarra’ single moduan aurkeztu zigun Ekizak, gizontasun eredu zaharkituak baztertu eta berriei besarkatzera gonbidatuz entzuleak. Itsaso girora eramaten gaitu ukeleleak eta bonboaren soinua ere bikain hautatu du, haizezko instrumentuak txertatzearen hautua ere pare-parean datorkio abestiari. Sintetizadoreekin ere jolastu du eta uneren batean thereminarekin nahastera iristen gara.

‘Haizea’ kantuarekin country unibertsora joaten gara, tremoloa, rhodes estiloko teklatua… desertura garamatzaten elementuak dira eta hego haizeak aurpegian jotzen digu, nahiz eta kantuak akaso beste norabait bideratu nahi gaituen. ‘Bat’ abestiak 3/4ko konpasarekin beste patxada bat du, 808a edota marimba soinuak dituzten sinteak dituen arren, lehen zatian Jeff Buckleyren ‘Grace’ disko mitikora garamatza Ekizak.

Stadium rock delakoan koka genezake, berriz, ‘Orain da momentua’ kantua. Energia berezia du, indar handia, nahiz eta sonikoki akaso hori iruditu ez. Sintetizadoreen koltxoiek eta kutsu klasiko horrek, erabat giro horretan kokatzen gaitu, ordea. ‘Xira’ kantuan berriz ere prozesatutako ahotsak gailentzen dira eta sintetizadoreen eta gitarraren reverb eta delayek elkarketa dotorea osatzen dute. Gitarra non hasten den eta sintetizadorea non bukatu, muga mugaraino eraman du hemen Ekizak.

‘Kabitik erortzear’ oso-oso garbi hasten da eta zikintzen doan kantua da, dinamikekin asko jolasten duena eta errepikak sekula indarra du eta koru bikainekin apaintzen du guztia. ‘Argitzala’ diskoari izena ematen dion kantuarekin segitzen dugu aurrera eta, egiari zor, abesti hau Willis Drummonden diskografian txertatzeko modukoa zela esan daiteke. Eta ez zen hori gertatzetik oso urrun ibili.

‘Zerumugaruntz’ zikin eta ilunenaren ostean ‘Ahotikan’ sakon, gordin, garbi, intimo eta goxoarekin bukatzen da diskoa. Iluna eta argia, grisak tartekatuz. Hori da "Argitzala" diskoak eskaintzen duena. Eta hori hitzetan apenas sartu gabe. Ona Jurgi!

Lo siento, debes estar para publicar un comentario.

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.