Durango eta Berriz, horixe esan nahi du Dubek, sinpletasuna horretarako utzi dute, ez ordea "Ezer ez da" diskoa osatzen duten 8 kantuetarako. Power trio delako formatuan plazaratu dira, geroz eta ohikoagoa den formatua gurean, eta rockaren ertz desberdinetatik ibili direla esan daiteke estreinakoan.
Dinamikekin jolas egiten dute, soinu garbiaren eta zikinaren arteko oreka mantenduz. Baita gordintasunaren eta melodiaren artekoa ere. Gaztain Estudioan grabatu dute Eñaut Gaztañagaren gidaritzapean, baina, bitxikeria moduan, oraingoan xehetasunetan baino ez da nabaritzen hori, taldeak beste soinu propioago bat garatu duela esan dezakegu. Akaso Gaztañagak berak ere orain artekotik pixka bat ihes egin duelako izango da.
Riff itsaskor baten gainean garatzen da diskoa zabaltzen duen 'Ihesean' kantua, bukaeran eztanda gitarrero nabarmena duena. Musikak terapia moduan nola funtzionatzen dien kontatzen dute abesti honetan eta terapi hori gainerakooi ere luzatzen digute nolabait ere.
Tempo erdi batean etorri zen lehen singleak ematen dio jarraipena, 'Malkoak' abestiak. Aspaldian sortutako abestiak izaera bluesero samarra omen zuen sorreran, bi gitarrarentzat pentsatutakoa ere bazen, baina orain duen indarra eta forma power triora egokitzean eskuratu zuen. Bonbo-kutxa klasikotik ihesean ibili dira Dube taldekoak.
Hustasunarekin ere jolas egin dute eta hori nabaria izan da diskoari titulua ematen dion 'Ezer ez da' kantuan. Diskoaren diseinuan ere horrekin egin dute jolas eta taldearen intraistorio bat kontatu nahi izan dute horretan. Gainera, artelanari garrantzia eman diote, diskoa disko soil izatetik balio erantsiko zerbait bezala ulertzen dutelako Dubekoek.
Diskoko kolaborazio bakarra Nerea Aizpururen eskutik etorri da. 'Hegan' antuan txeloa jo du bertan. Kantuaren mezuak indar handia du egungo egoerari begira jarriz gero. Nora goazen, nora doazen eta nora zoazen egiten du galdera, noraezean doan gizarte baten irudi nabarmen bezala. Hori guztia amorruz kantatuta, soinu hetereo eta espaziotsuen artean eta malenkonia karga garbia duten melodiekin. Indar handia du abesti honek, batez ere norberak barruan zalantza esistentzialak eta mina duen egunetan.
Etxekalte, Nirvana edota Red Hot Chili Peppers bezalako taldeak aipatzen dituzte Dube taldekoek beren eraginetan. Metal kutsua ere nabari da 'Ictu' kantuan. Baina hiruko batek debuteko diskoa izateko, oso lan interesgarria kaleratu duela, hori ezin da inondik inora zalantzan jarri.
Urritik aurrera etorriko dira zuzeneko aurkezpenak, Gipuzkoan eta Ipar Euskal Herrian, behintzat, badirudi izango direla Durangaldeko hiru gazte hauek. Ea diskoa bezain zuzeneko borobilak eskaintzen dizkiguten. Ziur baietz.
Lo siento, debes estar conectado para publicar un comentario.