Uhin Galduak
DiscosDiabolo Kiwi

Uhin Galduak

7 / 10
Iker Gurrutxaga — 31-10-2021
Empresa — Egilea editore
Género — Rock

Behin espaziora Euskal Herritik abiatu zuen euskal pastel bat iritsi omen zen. Oraingo honetan Diabolo Kiwik nahi du guk haiekin espaziora bidaiatzea eta "Uhin galduak" diskoa horren inguruan sortzen da. Noski, baxenafarrek ez dute okasioa galdu bidaia espazial horretan aurretik aipatuta pastelari kantu bat idazteko, ‘BZK’ abestia horren inguruan idatzia baita.

Umore asko dute haien diskoko hitzek, baina baita gogoetara eramaten gaituzten beste hainbat kantu ere. Kapitalismo basatiari egindako kritikak jasotzen baitira ‘Zitokinen ortzantza’, ‘Teoriak’ edota ‘Bankarrot!’ abestiak. Pandemiaz eta haren ukazioaz ere lerro batzuk jaso dituzte Diabolo Kiwikoek. Umore askorekin landu dute gaia, baina ironia fina erabilita, ‘Beroketa funklimatikoan’ argi ikusten den bezala. Haien bandcamp orrialdean dituzue abestien hitzak txukun jasota.

Elkarren artean harremanak izateko ditugun arazoez ere hitz egin dute ‘Ameslariak’ abestian. Garai hauetan harreman afektibo-sexualak asko zaildu dira eta hor fokua jarri nahi izan dute Diabolo Kiwikoek, lan handia dagoela egiteko aldarrikatuz esparru horretan. Post-funk estiloa oraindik ez badu inork bataiatu, Diabolo Kiwi taldearen disko hau entzun ostean konforme izango gara entzun dugunok hori dela esgiten dutena. Doinu dantzagarriak, melodia espaziotsuak, erritmo jostariak… Kantuak sortzerako garaian abiapuntu desberdinak izan dituzte, batzuetan gitarra baten riff bat izan zitekeen eta besteetan teklatuarekin sortutako melodia bat edota bateriaren erritmo bat. Dena dela nabarmendu beharrekoa da disko benetan landua dela, taldeak sekulako heldutasuna erakutsi duela eta estudiora ideiak argi dituztela joan direla.

Mungiako Magic Box estudioan grabatu dute James Morganekin. Pandemia dela-eta, atzera eta aurrera asko ibili behar izan dute, mugako traba guztiak gaindituz, baina emaitzak merezi du, soinu ederra lortu baitute Morganen eskutik. Masterizazioa, berriz, Londresen egin du Steven Kirchek, James Morganen bidez sortutako elkarlanean. Aparteko aipamena merezi du singlea izan zen ‘Zitokinen ortzantza’ kantuarekin Camille Orainek egin duen bideoklip puskak. Animazioaren aldeko apustua egin du eta atzerrian Gorillaz bezalako izen handiek kaleratzen dituztenen pareko lana geratu zaio. Bi eta hiru dimentsiotako irudiak sortuz, espaziora eramango gaituzte Orain eta Diabolo Kiwikoek.

Ez galdu haiek zuzenean ikusteko aukerarik, gorputza berriz ere astintzeko aukera dugun honetan, dantzarako aukera paregabea delako Diabolo Kiwiren kontzertua. Hori bai, joan aurretik eman pare bat buelta disko dotore honi.

Lo siento, debes estar para publicar un comentario.

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.