Zamalanak
DiscosBiderbost

Zamalanak

8 / 10
Iker Gurrutxaga — 28-08-2025
Empresa — Autoekoizpena
Género — Rock

Disko dinamikoa eta freskoa, rockaren paisaia koloretsua dela erakusten duena. Intentsitate gehiago duten kantuak egon arren, arin eta erraz entzuteko lana da ‘Zamalanak’, jostaria. Badu rock progresibotik, alternatibotik eta, zergatik ez, punketik ere bai. Stonerraren eta desert rockaren unibertso hori ere nabari zaio, baina afinazio eta distortsioetan hainbeste pisu hartu gabe. Bigarren EPa dute urtebetean zumaiarrek, ‘Eskuak’ izenekoaren ostean etorri da ‘Zamalanak’ eta eskertzen da Biderbost bezalako proposamen berriak agertzea gure unibertsoan, zaindua eta landua.

Intro moduko ‘Zanbuila I’ kantuarekin hasten da diskoa. Gitarra garbiak, oihartzun asko, erritmo konstantea eta sinteen koltxoiek laguntzen dutena. Gitarrak zikintzen doaz, ‘Ahotsa’ kantuari bide emateko, baina ez gara ia konturatu ere egiten, belarrietan oraindik ere goxotasun eta garbitasuna baitugu.

Baina, kantuz aldatu orduko, lehortea dator. ‘Ahotsa’ kantuaren ezaugarri nagusia hori baita, gitarra eta ahots idorrak nagusi. Nahasketan egindako hautua are nabarmenago geratzen da puntu honetatik aurrera, gitarra bakoitza alde banatan kokatzearena. Estereoan entzuten dugunontzat (denok izango ote gara komunitate honetan) eskertzen dena ezbairik gabe. Rock klasikoago batetara eramaten gaituzte eta errepikako koro sotilek eta atzetik datorren guztiak kantua borobildu egiten dutela esan dezakegu.

‘Zer?!’ abestian baxu linea da guztia markatzen duena. Hori eta abiadura baterian. Perkusioa ere badarabilte, baina gitarren efektuak bezalaxe, hori ere neurrian eta dotoreziaz sartuta dagoela esan genezake. ‘Haizearen menpe’ kantuan, berriz, hasieratik nabari daiteke erritmika eta dinamikekin jolas egingo dutela zumaiarrek eta horretarako ahotsen armonizazioan egindako lana pare-parean egokitzen zaio kantuari.

Mark Laneganen unibertsora eramaten gaituzte ‘Hit the city’ kantuaren bertsioan. Euskarara ekarri eta ‘Hemen naiz hiri’ deitu dute. Hammonda eta ahotsak protagonista, espazio nabaria utzi baitiote Clara Husterrek kolaboratzen duen kantuari aren lana nabarmentzeko.

‘Zanbuila II’ kantuarekin ixten dute sei abestiko EPa, kantu progresibo luze batekin. Lehen abestiarekin batera bi kantuko single moduan ere etor zitekeen, baina beste lau pasarte dotore utzi dizkigute denon gozagarri Biderbostekoek. Berek ere gozatu dute azken abesti honetan, bakoitzaren luzimendurako tartea ere bai baitago abestian.

Jurgi Taboadarekin aritu dira lanean Ozen estudioan, etxean, Zumaian, eta bide honetatik jarraitzen badute erreferentziazko talde bilakatzeko moduan daudela esan dezakegu, bai behintzat rockaren unibertsoan. Bi lan eta eboluzio dotorea egin duen taldea baita Biderbost.

Lo siento, debes estar para publicar un comentario.

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.