Muturrez zerura
DiscosBele

Muturrez zerura

8 / 10
Iker Gurrutxaga — 24-12-2025
Empresa — Autoekoizpena
Género — r&b

Bigarren lan luzea azaldu berri du Bele proiektuak, ‘Muturrez Zerura’ edota ‘M.Z.’. Musika beltzaren bueltan segitzen du Lide Hernandoren bakarkako bideak, nahiz eta disko honetan 80etara egingo dugun salto, batez ere disco musikak duen eragina kontuan izanda.

Hala ere, ez dio ukorik egiten soul edo r&b doinuak gehitzeari disko honetan ere. Nabarmentzekoa kantuak dantza pista batetara bideratuagoak direla oraingo honetan, beltzetara doazen bonboak askoz ere nabariagoak dira eta horrek beti ere bidea errazten dio dantzariari.

Intro jostari eta aldarrikatzaile batekin zabaltzen da diskoa, «Do it yourself ala hil» mezua jaurtiz. Entzuleari zuzendua, baina batez ere bere buruari esana, eszenan dagoen panorama ikusita, ez baita erreza proiektu batek aurrera egitea. Filtratu dotore bat, akopleren bat, Motown garaiko disco baxu bat eta Super Mario joko mitikoaren efekturen bat ere entzun daiteke. Abesten koro sorta lehenengotik eta amorrua zein sofistikazioa uztartuta, hitzen baitan modulatuz. Igor Ruiz ‘Fino’ saxofoi-jotzaileak ere hartzen du parte kantuan, sekulako soloa eskainiz. Halakoa du gaitasuna, ezen MIDI bidez jotako saxo batekin nahasteraino iristen garen.

Sinte eta vocoder soinuekin dator bigarren ‘Sefini’ kantua sarreran. Hemen dagoeneko bonboak beltzetan dagoela eta gorputza batetik bestera mugituarazten digu. Ekoizpen aldetik hartutako erabakien artean, nabarmentzekoa ezbairik gabe hiru errepikak desberdinak direla, eta horretan aurreko lanean ere mimo berezia jarri zion Lide Hernandok Iñigo Etxarrirekin batera, bigarren honen estudioan aritu baitira berriz ere eta Etxarri izan baita ekoizle beste behin. Berriz ere eszenako egoera tipiko bat aipatzen du kantuan, kontzertuak ikustia espioitza industriala bilakatu dela aipatzen baitu Belek. Eta, egiari zor, askotan horrela ibiltzen gara musikaren bueltan lan egiten dugunok.

Tenpoak behera egiten du nabarmen ‘Itaka sutan’ abestian. Kaxaren soinuak atentzioa ematen digu eta fonetikarekin eta metrikarekin egindako jolasek ere bai. Koroak berak eginak diren arren, zuzenekoetan Sara Alonso eta Maria Antunezek lagunduta egingo ditu. Keinu bat ere egiten dio Itoiz taldeari abestian, ‘Hegal egiten’ kantuaren «txatxangorria naiz, gelako sapaian» esaldia erabili baitu bere sentimenduak adierazteko Hernandok.

Single moduan etorri zen eta diskoaren titulua hitzetan aipatzen duen ‘Basamortua‘ diskoaren erdira iristean entzun dezakegu. Tremoloaren erabilerak justizia egiten dio kantuaren izenburuari eta soken soinuak, sintetizadorearenak eta akustikarenak elkar hartuta giro horretan kokatzen gaitu. Errepikako break-a oso fin geratzen da eta dagoen ahots festa ere azpimarratzeko modukoa da. Optimismora kondenaturik dagoen artista baten posizioa defendatzen duela esan dezakegu, akaso berak beste ikuspegi bat izan arren, eta hori ere ‘Zuk zeuk egin’ filosofiari lotzea zilegi da, gisa horretan lan egitean ez baita besterik geratzen.

Kantu eklektikoenarekin, ‘Ardiak’ abestiarekin goaz aurrera albumean eta lehen minutua entzunda buruak eztanda egiten digu. Ekoizpen aldetik batetik bestera eramaten gaitu kantu honek, ezin estilo bakarrean kokatu, baina gitarren soinuak, baxuak eta ahotsaren efektuek magia egiten dutela esan dezakegu. Arpegiatorren bat ere entzuten da kantuan zehar eta ziur beste elementu askok ere ihes egiten digutela. Ekoizpen aldetik urteko diskorik landuena ez bada, landuenetakoa baita Beleren ‘Muturrez Zerura’. Kantu honetan agintariei zuzendutako mezu gordin bat topa dezakegu, «bala batek balioko balu nire hirian bizitzeak beste». Azalpen bakarra, Lide Hernando donostiarra dela.

Kantu ilun bezain dibertigarria da ’Ez naiz fio’. Introan lehen kolpea ahotsekin eta baxua filtratuta behetik gora agertzen da. Ahoarekin sortutako instrumneturen bat edo beste ere entzun dezakegu perkusio moduan eta armonizazioan dotore aritu dira abesti honetan. Samplerren munduan ‘Lady’s night’ kantu mitikoa txertatu dute abestian eta kantua borobiltzeko zati errezitatu/rapeatu bat ere sartu du Hernandok. Horri guztiari errepikako iluntasun dantzari hori gehituta, zuzenean jokoa emango duen abestia ezbairik gabe. Hitzei erreparatuz, berriz, eszenari begira jarri da hemen ere, eta esaldi batek ongi laburbiltzen du guztia: besteen abestiak zureak bezala dantzatzeko gai ez bazara, ez naiz fio.

Bigarren single moduan etorri zen ‘Akuilua’ kantuarekin amaierara iristen hasten gara. Anime munduko intro bat duela esan genezake, baina giroz ‘Sefini’ kantuarekin bat egiten duela. Metrika eta erritmikan lan polita egin dute abesti honetan eta «Badakit, badakit, badakit…» abesten hasten den uneko eskalak, goitik beherakoak, halako elegantzia bat ematen dio kantuari. Bideoklipa ere ikusteko modukoa da.

Ingelesez abestuz bukatzen du diskoa Lidek, country giroko ‘Painting water’ kantuarekin. Beyoncé, Taylor Swift, Miley Cyrus edota Dolly Parton bezalako artisten gisara, berak ere bere country abesti fina egin du, amatxiri zuzendua. Euskarara ekartzen hasi zela ere kontatu izan du, baina lehen ideiari fidel mantentzeko erabakia hartu du.

Diskoa fanzine eta CD formatuan edota biniloan eskuratu daiteke, edizio fisikoari garrantzia emanaz. Eta, esanda bezala, giro oso dantzagarri batean murgilduko gaituen lana da ‘Muturrez zerura’. Beraz, dantzatu madarikatuok Beleren konpasera.

 

Lo siento, debes estar para publicar un comentario.

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.