Paule Bilbaok eta bere Arima proiektuak pauso erraldoia eman dute aurrera disko honekin. Sei abestiz osatutako lan hau bidaia emozional eta sentsorial oparoa da. Bertan kontzeptu kontrajarriak naturaltasunez elkartzen dira: Dentsitatea, zarata eta samurtasuna. Bilbaoren unibertsoan zaurgarritasuna testura gordin eta saturatuekin topatzen da. Emaitza soinu hipnotikoa da. Horren adibide dira Jantzia edo Isurkari kantu bikainak, ederki laburbiltzen dute Arima taldea zer den. Proiektu honek, eta bereziki disko honek, entzuleari arreta eta pazientzia exijitzen dizkio; trukean zarata ederra eskaintzen du.
Diskoa pausa eta hausnarketa garai baten ostean sortu da. Bilbaok denbora hartu du xehetasun guztietan arreta jartzeko. Elementu guztiak ondo pentsatuta daude. Pauleren ahotsa zaurgarritasun eta tentsioaren artean mugitzen da. Bitartean instrumentazioa, —baxuak, bateriak, gitarrek eta zarata geruzek—, intimoaren eta unibertsalaren artean kulunkatuz, atmosfera itogarri bezain aditiboak eraikitzen dituzte. Izan ere, "Ez Dago Amor" lanak sekulako gaitasuna du pertsonala unibertsal bilakatzeko. Afektuari beldurra bezalako gaiak edo zauri kolektiboari buruzko hausnarketak sekula itzaltzen ez den indar musikalaren bidez nabarmentzen dira, entzulearengan emozio ugari azalaraziz.
Diskoak desafio bat ere planteatzen du: ez du berehalakotasuna bilatzen. Algoritmoak eta kontsumo azkarra nagusi diren munduan, Arimak erresistentzia ariketa bat egin du. Bere musikak denbora exijitzen du, sakon entzutea eta ñabaduretan galtzeko nahia. Irudiaren diktaduran, barnera begira jartzeko errituala da diskoa. Emozio gordinak eta hausnarketa sozialak naturaltasunez batzen dira zaratarekin eta diskoa amaituta ere, denbora luzez buruan durundan geratzen dira bertako melodia eta gogoetak.
Lo siento, debes estar conectado para publicar un comentario.