Antzokia Erre
Conciertos / Liher

Antzokia Erre

9 / 10
Agrimensor K. — 02-12-2021
Fecha — 28 diciembre, 2021
Sala — Beikozini, Ondarroa (Bizkaia)
Fotografía — Agrimensor K.

Oholtza irensteko nahia, amorrazioa eta gosea. Donostiarren emanaldia gutxitan ikusi dugun indarrez aupatua egon zen, lehen kantatik azkeneraino. Madrildik zuzenean Ondarroara, laukotearen bultzada eta kemenak sutan jarri zuten Beikozini kafe antzokia. Hain zuzen ere, El Sol aretoan Joseba Irazokirekin batera jo zuten bezperan, eta antza adrenalina igoerak biharamuneko kontzertura arte iraun zuen.

Igande arrats hotz eta euritsu hartan, antzokiaren barruan bestelako giroa nabari zen, ordea. Zortzirak eta laurdenetan irten ziren donostiarrak, eta espero genuen moduan “Kintsugi” boteretsuarekin hasi ziren. Joshka Natke, Lide Hernando eta Iñigo Etxarri (baxua, ahotsa eta gitarra) Ander Berzosa bateria jolearen aurrean biribildu ziren, berari begira, eta hor denbora bat egon ondoren buelta egin zuten guri begira jartzeko. Efektu eraginkorra, bigarren kantarekin (“Urre hauts”) lotzerakoan errepikatu zutena. Disko berriko lehen biak, beraz, era berean interpretatu zituzten. Kantu hauen indarra eta kuaria aipagarriak dira, eta diskoan soinu konpaktua eta guztiz profesionala eskaintzen badute, zuzenekoetan botere horren inpaktua biderkatu egiten da.

Egia esan, emanaldi honetan berez zapaltzaileak diren kantuen efektua anplifikatu eta biziagotu egin zen. Laster egin zuten jauzi aurreko lanera, “Estoldak gainezka” eta “Ezti ta etsizko egunak” basatiekin. Badakigu, noski, Liherren kontzertuak beti direla gogotsu eta indartsuak, baina berriro diogu: laukotearen motibazioak txunditu gintuen, inoiz ikusi gabe genion amorru eta adore erakustaldia zirela eta. “Ezti ta etsizko egunak” horren adierazle aipagarrienetakoa, baita, nola ez, “Nor zaren ere”. Bi taldeen moldea ezberdina den arren, nolabait Willis Drummonden estiloa gogorarazten digute errepikan.

Disko berriari errepasu polita eman zioten, hamaikatik zortzi jo baitzizkiguten. Bost aurreko lanekoak izan ziren, bakarra “Hauts” debutekoa, eta “Tenpluak erre” gogoangarri hartatik hiru entzun genituen, haien artean “Nor da piztia?” eta “Ametsak ukigai”. Azken aurrekoaren sentimendua aipatuko genuke, taldearen soul pultsazio intentsuenetakoen jabe ere badena. Horri, beti bezala, hard gitarra oso markatuak gehitu beharko dizkiogu. Tartean, “Zulo bat gehiago” kantuan, Robert Johnsonen “Crossroads”i ekin ekin zioten. Izan ere, kantuak blues ukituak badauzka, baita hard rocka ere, eta hori gutxi balitz, Lideren errezitaldi rapeatua. Blues gordina eta animalekoa, beraz, geroago Liherren estilora ekarritakoa.

Hurrengoa, “Orbainetan lehena”, disko berriaren ezaugarri guztiak batzen dituen pieza dugu: soinu bortitza, gitarra riff hilezkorrak (batetik originalak, bestetik melodia irmoen sortzaileak), ahots melodia landuak, koruak eraikitzeko sistema hedakor eta konplexua, eta Q.O.T.S.A.ren eragina erakusten duen gitarraren tratamendu landua. Jarraian etorriko zen hiru baladako (bakoitza bere ñabardurekin, noski) trilogiak pultsazioak apur bat jeitsi zituen: “Hasi” pieza atsegin eta delikatua, diskoan Lidia Insaustiren ahotsa ere daukana. Taldearen lehen diskoa izan zen “Hauts” (2016) hartatik blues balada eder bat (“Behazun beltza”). Eta hirugarrena, lan berriko “Orri zuri batek”, esentzian botere handiko soul balada, Oteizari eskaini ziotena. Hain zuzen ere, Oteizaren ahotsa ateratzen baita diskoko bertsioan, Miren Narbaizaren parte-hartzeaz gain.

Liherren historian beti present egongo den hurrengo harribitxia da berezi egiten dituenetako bat: “Tenpluak erre” diskoko “Beltz gara”. Hard soul estiloko sentimendua eta pultsazioa, Lideren ahots erakustaldia, eta trintxeretatik arrapaladan jauzi egiten duten gitarra, baxua eta bateria. Grina, ahala eta estiloa, kantu honek dena laburbiltzen du. Lehen aipatu dugu laukoteak erakutsitako ahalmen eta indarkeria. Lideri buruz, gasolinaz beteta jauzi egin zuen lehen kantatik, eta euforia horrek bultzatuta, hainbatetan kantatu baino gehiago oihu egin zuen. Haietako bat, dudarik gabe, “Arrastaka” izan zen. Badauka kantuak prestaketa fase bat, pausoz pauso eta erritmo trabatu eta mailakatuek errepikaraino bideratzen dutena. Eta hor, berez azpimarragarria den leloa muturreraino eraman zuen. Aldiz, hain da azken diskoa xehetasunetan bikaina, ezen eta koru sinfoniko batzuk erabiltzen baitituzten hain justu errepikaren aurreko momentuan. Koruak egiterakoan hartu duten abilezia eta kontzientziaren adierazgarri da gau honetan jo ez zuten “Mairubaratza” ere. Lan berritik jo ez zuten hiruretako bat, aurrerantzean set listean sartuko dutenaren esperantza ez dugu galtzen.

“Hemen herensugeak gaude”, izen bereko lanaren grand finalle hura, oraindik lehergarriagoa den “Thelma & Louise”ren aurretik etorri zen. Azken horretan, askotan aipatu dugun bezala, hit borobila lortu zuten: eskaintza instrumental zabala, erritmo landuak, ahots eraginkorra, koru esanguratsuak eta errepika perfektua direla medio. Kantu batek behar dituen osagai guztiak, alegia. Eta azkenik, taldearen kanturik eroena eta onenetakoa: “Paradoxak”. 4 minutuko kanoikada honi bateria konprimitu batek ematen dio ongi etorria. Berriz ere erritmoen jolas gustagarri hori, Lideren errezitaldia, Iñigo Etxarriren riff mardula, eta errepika zoro, hirukoiztu eta basatia (diskoan Lide Hernando, Noa Egiguren eta Lidia Insaustik gauzatutakoa). Liherren geldialdien xarma zati indartsuen gelaitzina besterik ez dela erakusten digun kantuetako bat.

Hamazazpi kantuko emanaldi ahaztezin hau taldeari inoiz ikusi diogun onena izan zen, motibazioa, soinua, indarra, kemena, aretoa, exekuzioa eta talentua direla eta. Pandemiak “Hemen herensugeak daude” lanaren proiekzioa partzialki zapuztu zien, baina urte t’erdian lan berri bat egitea, gisa honetako kalitatearekin gainera, pizgarria izan da. Taldea amorru biziz itzultzeaz gain, bide batez gure rock talderik onenen podiumera igo da. Egitura honekin, hau da, lau musikari hauekin jarraituz gero, eta esperimentatzeko grina mantenduz gero, lorpen gehiago lortzeko autobidean sartuko dira. Zuzenean inoiz ikusi ez dituztenentzat azken mezu bat: hau da momentua bere unerik onenean eta gailurrean dagoen talde baten graziazko une iraunkorrak betirako erretinan gordetzeko.

Lo siento, debes estar para publicar un comentario.

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.