Bluesaren lokomotorra
Conciertos / Arrasate Blues

Bluesaren lokomotorra

7 / 10
Mondraberri — 20-07-2023
Fecha — 13 julio, 2023
Sala — Hainbat lekuetan - Arrasate
Fotografía — Mondraberri

European Blues Challenge 2023ren irabazleek ireki zuten ostegunean jaialdia: Noa & The Hell Drinkers. Jaialdiaren antolakuntzak urrezko pina jarri zion Ainhoa Egiguren abeslariari, taldeko ordezkari gisa, eta publikoaren txalo beroen artean. Aipatzekoa da 5 edizio hauetako antolatzaile nagusiak, Jon Apraiz Ansolak ere (Ibai-Arteko lehendakari) omenaldia jaso zuela. Kontinenteko saria irabazi ostean, Arrasatekoa izan da Noa & The Hell Drinkers eman duen lehenbiziko kontzertua.  Zuzenekoak bluesa eta rocka uztartu ditu, Noa Egigurenen mugimendu biziekin eta ahots indartsuarekin, eta talde donostiarrak publikoaren txalo beroak lortu ditu.

Hurrengo egunean The Fake Cousins, hiru eskarmentudun musikarik, bluesaren estilo zaharrak plazaratu zituzten, besteak beste, stridea eta boogie woogiea. Bluedays laukoteak bide luzea egina du, eta bost disko izan dute erregai. Euren musikari purutasuna dario eta hala erakutsi zuten Taupa tabernako terrazan. Gau hartan, Afrika Bibang 'frontwoman'ak eta bere taldekideek zuzenekoa eman zuten Ferrerias kalean. Abeslari algortarrak, euskaraz eta ortozik abestuz, Arotz plaza dantzan jarri zuen, taldekideak lagun. Feminismoaren eta askatasunaren aldeko hitzak izan zituen, ezker ukabila altxatuz, eta bere ahots sakonak, dantza beltzekin batera, publikoa asebete zuen. Eta gauerdian, gautxoriek gustuko duten unean, Erromintxelek 'jam session'a egin zuten Aterpen. Irakaslez osatutako talde arrasatearrak ijitoen musikaren erritmo biziak eskaini zituzten tabernan.

Zapatu eguerdian, bermutaren orduan, M&A Swing Machine elektro-swing, soul berria eta jazz berria plazaratu zituen Ezkiña tabernaren ondoan. Estilo zaharrak elektronikarekin nahastea ikus-entzuleen gustukoa izan zen, baita hiru taldekideen jarduera askea ere. Publikoak gustura txalotu zuen emanaldia. Slideboy Vegas-ek Amerikako Estatu Batuetako estilo herrikoien erakustaldia egin zuen. Diotenez, proposamen musikal honek iaz 142 kontzertu eman zituen han-hemenka. Bilbon sortutako The Soul for Real Band-en kontzertuak ezustekorik izan zuen: berezko bateria-jolea gaixotu zenez, Peru Altubek (Huntza eta The Potes) eragin behar izan zizkien makilei. Diotenez arrasatearrak 24 ordu baino gutxiagoan 21 abesti ikasi behar izan zituen, oholtzara igo aurretik.

Gau hartan eta jaialdiko eszenatoki nagusian, jaialdiko kartelburuaren txanda izan zen: Trudy Lynn texastarra Grammy-etarako bi izendapen lortutakoa da, baita Blues Music Awardetarako hamabi izendapen ere. 75 urteko dama. Bederatzi disko besapean, Travellin’ Brothers bizkaitarrekin aritu zen kontzertuan, luxuzko taldekideak, hamar disko eta milatik gora kontzertu eginak baitituzte. Steve Krasek ere ahotsa jarri zuen eta armonika gogotsu 'muxukatu' zuen. Guztiek batera kontzertua bluesaren jai bihurtu zuten, Herriko plaza bete duen publikoaren gozamenerako.

Jaialdiaren azken egunean, Monica Duran jazz abeslariak bere taldearekin emanaldia eskaini zuen. Abeslari arrasatearra Nafarroako Goi-Kontserbatorioan jazz ikaslea da, eta bere ahots dotorea publikoaren gustukoa izan da. Emakumeek protagonismo eta indar handia izan dituzten edizioan, The Spolem Girls eman zuten azken kontzertua. 1960. hamarkadako jantziak soinean, koreografia landuaz gain, emakumezko ahots-taldeen formatua plazaratu zuten, rhythm & blues, doo wop eta soula ezpainetan.

Aipatzekoa da ere Lazy Blues eskolako lagunak kontzertuetan aritu direla, euren mugimenduak ikus-entzuleei transmitituz. Jaialdiaren antolakuntza aurten ere Arrasateko Ibai-Arte merkatarien elkartea izan da, Arrasateko Udalak lagunduta, eta bosgarren edizio hau positiboki baloratu du: "Irribarrearen edizioa izan da".

Lo siento, debes estar para publicar un comentario.

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.