“Bluesa jorratzen duen nerabea naizela uste dut askotan”
Entrevistas / Eraul

“Bluesa jorratzen duen nerabea naizela uste dut askotan”

Urko Ansa — 09-10-2017
Fotografía — Archivo

Paperezkoan argitaratu genuen elkarrizketaren bertsio laburraren ondoren, berau oso-osorik dastatzeko aukera daukazue orain. Eraulen diskoak barrenak mugituko dizkizu, ziur. Eta segidan datorren elkarrizketa luze honek haren nondik norako eta xehetasun guztiak azalduko.

Disko bikain honetan ("Iraultza" Autoekoiztua, 2017), ezeri beldurrik izango ez baliote bezala, folk biluzia lehertze instrumentalekin uztartzen dute naturaltasun osoz. Hala bada, etengabe eskemak apurtzeko nahitasun irmoa da bereizgarritasuna ematen diena. Usurbilgo Higain estudioan eta Haritz Harreguyren gidaritzapean egin duten grabazioan, izarrez betetako seikote magiko honen musikaltasuna bataz bestekoaren gainetik dago nabarmenki.

Beramendik Suedian sortu zuen proiektu hura duela pare bat urte hezur-mamitu zen “Eraul” E.P. harekin (2015-ko demo onenen artean). Orain, lehen lan luze honekin, 11 kantu mardul eta harrigarri batu dituzte, proiektu hura geldiezina bihurtuz. Etengabeko ezustekoz jositako kantuetan, musikari bikain hauekin Hammonda, biolina eta txeloari protagonismo berezia eman diote, gitarra-baxu-atabalak eskematik haratago sakonduaz.

Kontraste handiko diskoa lortu duzu, emozio trinkoak sorrarazten dituena. Sinpletasun instrumentala eztanda emozionalekin elkarbizitzen senti daiteke hainbat abestitan. Eztanda horiek pianoa, Hammonda, biolina eta biolontxeloa dituzte protagonista, gitarra-baxua-bateria oinarria bezain garrantzitsu bihurtu dituzunak.
Egia esan, disko grabatu baino lehen egin genituen entseguen helburu nagusia abestiek zer eskatzen zuten eta zer ez arreta handiz aztertzea izan zen. Abestiari ez badio ezer ematen, kendu egiten dio. Hori zen irizpide bakarra. Gainera, emozioz beteriko kantu eta hitzak dira, eta argi geneukan musikak eztanda horien menpe egon behar zuela, ahotsa beti (edo ia beti) protagonista izanik.
Bai, nik argi eta garbi aldendu nahi nuen gitarra, baxua eta bateriak osatzen duten oinarritik. Oreka anitzago bat lortu dugula iruditzen zait eta oso pozik eta harro nago, baina ez dakit nahikoa aldendu garen, diskoa batzuetan rockeroegia iruditzen zait buruan nuen horrekin alderatuz. Edozein kasutan oso pozik nago azken emaitzarekin, asko gustatzen zait.

2015eko E.P.-an bezala, beste bost musikari apartekin –gainera, berberekin- elkartu zara oraingoan ere. Skakeitan taldekoak dira Julen Idigoras atabal jolea eta Borja Antón gitarra eta biolin jolea. Julen Barandiaran, aldiz, Izaroren baxu jolea da, María Bustos –biolontxeloa- oker ez banago musika klasikotik dator, eta Garazi Esnaola –pianoa, Hammonda- Margot taldeko partaidea da (edo zen). Egia esan, harro egoteko moduko musikariak dira, eta aparteko segurtasuna sentitzeko modukoak. Gainera, Garazik eta Julen Idigorasek koruak ere egiten dituzte eta askok instrumentu bat baino gehiago ere jotzen dute.
Izugarri onak dira denak. Hasieran esaten nien ez nuela ondo ulertzen zer egiten nuen nik haiekin. Esperientzia handia dute denek, alor ezberdinetan bada ere, eta kristorena ikasi dut haiekin eta haiengandik.

Folk barnerakoia konposizioetan hegan nabari da, baina modernotasun handiko soinuaz bustia dago betiere. “Behin” zirraragarriarekin hasten da “Iraultza” diskoa, eta ia hitzik ez daukat berau deskribatzeko: ahotsarekin egiten duzun sarrera, abestiaren erdian sartzen diren atabalak eta Lide Arroyoren ahotsa, Anariren tinbre beretsuan… Eta geroko eztanda mozkorgarria. Chapeau! Zenbat ahots daude? Zurea eta Liderena bakarrik, baina bateon bat bikoiztua dago agian?
Mila esker. Niri ere asko gustatzen zait abesti hori. Bereziki polita eta gogorra dela uste dut. “Iraultza” diskoak kontatzen duen istorioa kokatzeko balio du, gainontzeko abesti guztiak aurkeztu eta, zeharka bada ere, hauen jatorria azaltzen du.
Lide kristorena da. Bere ahotsa izugarri gustatzen zait. Garbia eta fina da baina bere baitan, nonbait, pitzadura txikiak erakusten ditu.
Bikoiztearen inguruan gauza bat aitortu behar dizut: printzipioz ahotsa bikoizteko asmoarekin gindoazen, baina edozein esaldi berdin-berdin errepikatzeko gai ez nintzela ikustean, bakar batekin egitea erabaki genuen. Ahotsak bikoizteak eskatzen duen zehaztasun eta planifikazioa abesteko momentuan sentitu nahi dudan askatasunarekin bat ez datozela ikusi nuen. Inprobisaziorako tartea, txikia bada ere, behar dut. Zentzu horretan, Haritzek ahotsekin egin duen lana azpimarratzekoa da, kasu honetan, ni zuzendu eta gidatzerakoan.

Zer dela eta “Elefanter pâ Andra Lângattan” izenburua? Zer esan nahi du, eta zertaz zara mintzo abestian?
“Elephants på Andra Långgatan” drogamenpekotasun funtzionalaren inguruan mintzo da. Literalki, elefanteak bigarren kale luzean esan nahi du. Gotemburgo hiriko (Suedia) tabernen kalea da, besterik ez. Hitz jokoa bistakoa da. Neurriko alkoholismoak jendartean duen onarpena kritikatzea zen helburua, eta drogazale funtzionalak drogazale ez direla pentsatzearen aurkako garrasia. Soziedad Alkoholika ere deitu zitekeen.

Azken kanta horretan eta beste hainbatetan erritmoak asko kontrolatzen dituzula ikus dezaket: beti efektu interesgarria lortzen duzu, sorpresa faktorea mantenduaz.
Ba, mila esker. Ez dakit zer esan. Saiatzen naiz, bai. Galdera honek Choir of Young Believers-en “Hollow Talk” ekarri dit burura. Baita Other Lives-en “Take Us Alive” ere. Inspirazio iturri nagusitzat ditut bi abesti hauek, dagoeneko ez baitakit zenbatetan entzun ditudan. Doinu eta instrumentu finak erritmo indartsuekin ezin hobeto nahasten dituztela uste dut. Beti kontraste askorekin. Epika, edo halako zerbait, lortzen dutela iruditzen zait; sentsuala, gordina eta erraldoia.

“Shame”-n halako euforia bat nabaritzen dut, baikortasun sakon bat. Bestalde, oso erritmikoa da, atabalak oso presente dauzkana, eta pianoa etengabe egurra ematen, biolina eta biolontxeloa atzetik beti kanta aberasten dabiltzan bitartean.
Bai, “Shame” abestia konplexuak eta morala alde batera uzteko kantua da. Gutxiago pentsatu eta gehiago egitearen aldeko aldarrikapena. Batez ere, atzera begiratzeari utzi eta momentua bizitzeko gonbitea. Euforia erritmiko hori izugarri gustatzen zait. Lehenago aipatzen genuen epika horretatik oso gertu dabilela uste dut. Jotzeko agian dibertigarriena egiten zait. Instrumentazio ona lortu dugula uste dut: bateria, baxua eta gitarren arteko guda estrofetan, nola pianoak eta gitarra elektrikoak ahotsa laztantzen duten abestutako estrofetan eta errepiketako sokak (amaierakoak ere), bigarren ahotsak (Julenen bigarren ahotsak izugarriak dira, oso ondo abesten du)… eta, kantu guztian zehar, bateria. Eta baxua, nola ez, Txikik nola jotzen duen pasada bat da.

"Nik uste Americanak barneratzen dituen estiloetan gabiltzala"

Konbinazio horiek oso anitza egiten dute diskoa. Ez naiz musika Indiean aditua, baina zure proposamena oso berezia dela uste dut, eta Eraul sailkatzeari zaila deritzot. Indie-folk etiketa oso ona da zuentzako, adierazgarria batik bat. Dena den, linealtasunetik ihes egiten duzula iruditzen zait, eta beti ere kontrastea bilatzen duzula.
Mila esker. Ba ez dakit… Nik uste Americanak barneratzen dituen estiloetan gabiltzala, nonbait, hori da nire helburua gutxienez. Baina uste dut nahi baino poperoagoak garela. Bluesa jorratzen duen nerabea naizela uste dut askotan (hain nerabe ez jada), horrek dituen inplikazio guztiekin. Eta hortik dator dena. Linealtasunetik aldentzearen inguruan, bai, bai eta bai. Dena goitik behera aldatu behar izatea, iraultza, nire egunerokoa bihurtu da. Musikarekin berdin, suposatzen dut.

“Aimar” apartekoa da. Zure ahotsarekin egiten duzun sarrera luzeagatik bakarrik merezi du entzutea. Baina, berriro ere, amaiera aldean sorpresa dator Garazi Esnaolaren Hammond hunkigarriarekin. Hori da potentzia teklatuena! “Ura” ere oso ederra da, disko honen bertute guztiak dauzka, eta bat-batean amaitzen da 3 minutu eta erdi aldera!
Garazi erraldoia da. Baita teklatua jotzen ere. Amaierako Hammond hori orgasmikoa egiten zait, hunkigarria benetan. Bai, “Ura” abestiaz oso harro nago. Oso heldua iruditzen zait. Baita oso borobila, osoa, eta egurrezkoa ere, guztiz. Borjaren gitarra dotoreak, Mariaren txeloa kantu guztian zehar, Julenen bateria errepiketan… Amaierarena, behin baino gehiagotan pentsatu dut luzatzea, baina bukatzean uzten duen egarria bereziki gustatzen zait.

Azken zatia intentsua da oso: “For Eli, Forever after”, “Katarsia” eta “Etxea”-k zirrara sortzen dute beren alaitasun eta martxarekin. “For Eli, Forever After”-en zati konkretu batean gospel antzeko koru bat iruditu zait, baina kantuak badu halako zelta musikaren kutsu bat. Instrumentazioa erabatekoa da, eta tempoa adrenalinikoa!
Bai, “For Eli”-k Estatu Batuetako kantu herrikoi baten imitazioa nahi du izan: letra errepikakorra, xinplea eta argia; erritmoak, ahotsak… Inoiz idatzi dudan abestirik alaiena dela uste dut. “Etxea”, berriz, malenkoniaz beterik dago eta jatorriaren inguruan hausnarketa nahi du izan: nola gure jatorria bereizten duten ezaugarri eta ohiturak nahasten edota desagertzen doazen.

“Katarsia”, dena den, nik ez du abesti alaitzat. Kontrakotzat baizik. Idatzi nuenean ez neukan argi zein sentimenduk sortu zuen letra hori. Gaur, izenburua ez zait aproposa iruditzen (asko gustatzen zaidan arren). Baina, ez dakit “beldurra” edo “depresioa” abesti baten izenburu bezala erabili nahiko nituzkeen. Horri buruz da abestia: “azkenik hemen honela lasaitu eta egonkortu naizenean, azaltzen zera zu eta zeinen zoriontsua izan naitekeen erakusten didazu. Justu orain, erabakia hartu eta gero, dena hankaz gora jarri duzu nire erabakia beldurrak, eta ez nahiak, gidatu duela frogatzean.”
“Katarsia” gogokoenetarikoa da niretzat. Zentzu guztietan. Borjaren gitarra, Julenen tinbal eta koroak (zuzenekotan kantu amaieran zutik jotzeko duen ohitura)… amaierako eztanda izugarria iruditzen zait bai.

“Katarsia” entzun baino lehen, tituluagatik bakarrik, ja prest nengoen orgia instrumental batez gozatzeko. Eta halakoxea dugu, hasieran barnerakoia da zure ahotsa, baina gero, disko honetan lehenengo aldiz, gordinagoa nabari dizut. Hemen ere sorpresak dauzkagu zain: Olatz Salvadorrek lehenengo, Izaro Andresek ondoren, eta denok batean gero, koru bakanala sortu duzue! Zenbat ahots daude grabatuta momentu gorenean? Borja Antoni bidea libre utzi diozu gitarra elektrikoarekin? Bukaeran akople bat sartzera ere ausartu da!
Bai, Olatzi bereziki eskertu behar diot bai musikalki eta baita alor pertsonalean nirekin duen pazientzia eta laguntasuna. Berak abesten duen zatia apropos idatzi nion. Bere ahotsa izugarri gustatzen zait. Eta berdin Izarorekin, asko eskertzen diot beti animatu eta lagundu izana. Biek oso tinbre berezia dutela uste dut, eta emaitzaz oso harro gaude. Izugarriak biak. Pasada bat iruditzen zait Olatzek duen goxotasun borrokalari, triste eta indartsua, eta Izarok, berriz, xuxurlatzearekin soilik bihotza laztantzen dizu eta dena argitzen du.
Ba egia esan, ez daukat oso argi, baina uste dut Izarok pare bat ahots egiten dituela momentu gorenean, Olatzek bat, eta nik beste bi (garrasiak bikoiztu genituela uste dut, bai). Eta ez dakit Julenen ahotsa ere hor dagoen. Baietz esango nuke. Hasieran asko sartu genituen baina gutxiagorekin hobeto geratzen zela iruditu zitzaigun Haritz eta bioi.
Gitarraren akoplea asko gustatzen zaizkidan detaile txiki horietako bat da. Borjak asko du esateko. Izugarri gustatzen zait zer eta nola jotzen duen.

“Dena goitik behera aldatu behar izatea, iraultza, nire egunerokoa bihurtu da”

“Etxea”rekin amaitzen duzue. Noski, azken bi hauek, “Ura”rekin batera, jada ezagunak ziren aurreko E.P.-an agertu zirenetik, baina orain birgrabatu egin dituzue. “Etxea”, beraz, “Katarsia” bezala, oso martxosoa da beste kantekin alderatuta (hemen “Shame” eta “For Eli, Forever after” ere sartzen ditut, noski). Eta berriro ere zelta kutsua nabari dut, martxa handia baitauka, eta berriro ere motzegia egiten da. Seinale ona. Bidenabar, disko honetan ohikoak diren konbinazio instrumentalek hor darraite. Kanta honetan Julen Idigorasen atabalek zirrara eragiten didate. Hori da hori zehaztasuna eta segurtasuna!
Bai, Julen oso ona da. Asko gustatzen zait nola zaintzen dituen detaile txikiak. Arretaz entzuten duzun aldi bakoitzean detaile txiki berri bat aurki dezakezu. Gainera, zehaztasun matematikoa duela dirudi.
“Etxea”-k, gainera, bere bideoklipa ere eduki zuen duela pare bat urte, Julen Idigoras berak zuzendua. Gustura gelditu zinen emaitzarekin? Nik dakidala, zuen bideoklip bakarra da…
Bai, oso pozik geratu ginen emaitzarekin. Egin genuen lehena da eta Julenek zuzendu zuen. Lan itxurosoa eta borobila iruditzen zait.
Ba justu atzo, irailak 25, kaleratu nuen bigarren bideoklip bat, “Egia” kantuarena. Hau nik egin dut eta oso estilo ezberdinekoa iruditzen zait. Oso pozik nago emaitzarekin, asko gustatzen zait.

2015eko elkarrizketa batean zure eraginak aipatu zenituen: Daughter, Edward Sharpe & The Magnetic Zeroes, Other Lives, Cajun Dance Party, London Grammar, Micah P. Hinson, Damien Rice, Vidar, Physis Vs. Nomos, Bi Zaldi, Mumford & Sons, Alt-J, Neuman… Orain, 2 urte geroago, beste batzuek etorri direla uste dut. Esan iezazkiguzu batzuk.
Ba pertsona motela naiz, oso, eta musikarekin antzeko gertatzen zait. Gustuko dudan norbait ezagutzean obsesionatu eta askotan entzuten dut, baina normalean ia ezer ez zait lehen aldiz entzutean gustatzen. Askotan entzun behar ditut kantuak gustuko ditudan ala ez jakiteko. Ez dakit eraginak asko aldatu diren. Euskarazko musika arreta handiagoz jarraitu dut, eta niretzat ezezagunak zirenak ezagutu ditut. Adibidez, Anari: nire udako soinu banda izan da, agian udara gordina izan delako. Txunditua nauka, harrapatu nau.
Orokorrean, berri batzuk: Lumi, La Bien Querida, Los Punsetes, La Femme, Pet Fennec, ManJah, Kate Tempest, Silvia Pérez Cruz, Rosalía, The Lemon Twigs, Twenty One Pilots, Gata Cattana, Le Parody, Izaki Gardenak eta Melt Yourself Down. Eta aipamen berezi bat Makulu Ken taldeari. Ez dut ulertzen nola ez dauden astebururo hiruzpalau kontzertu ematen.

Oker ez banago, izarrez betetako seikote honetan aldaketak egongo dira… Nork utziko du taldea, eta nor etorriko da etorkizunean?
Eskerrik asko bota dizkiguzun piropo guztiengatik. 🙂 Ba, gogorra izan den arren, Julen Idigorasek taldea utzi du. Bion artean adostutako zerbait izan da, elkar ulertzea zaila egiten baitzitzaigun. Koadrilako lagunak gera eta bi urte genuenetik ezagutzen dugu elkar. Uste dut gu biok lasaitu gaituen erabaki bat izan dela. Zaila izan da hala ere.
Gainera, Garazi Esnaola teklatu joleak ere taldea utzi du. Kolpe latza izan da hau. Bai bere izaera eta inplikazio pertsonalagatik baita musikalki jeinu bat iruditzen zaidalako ere. Urte zaila eta gogorra izan da azken hau niretzat pertsonalean, eta egia esan batzuetan ez dut jakin taldekideak zaintzen eta proiektua gidatzen. Aitortu behar dut nik ez nuela musika talde bat soilik bilatzen, famili bat nahi nuen. Amaieratik hasi nahi nuela suposatzen dut. Lezioa ikasi dut. Etorkizunean Xalba Ramirez-ek joko du bateria (Physis vs. Nomos, Koban) eta Eli Beraza-k pianoa eta Hammonda (Koban), ahal dutenean. Edozein kasutan formatu akustikoan gehiago mugitzen saiatu nahi dut etorkizunean, bai bakarlari moduan baita bikote edo hirukotean ere.

Suediatik bueltatzean sortu zenuen Eraul. Noiz izan zen hori? Goteborg-en 2013an grabatu zenuen lehen lana (maketa?), bakarrik, pentsatzen dut, eta taldea Euskal Herrian sortu zenuen Julen Idigorasekin batera. Hala da? Kutxa Kultur jaialdian jo izanak markatu zuen taldearen ibilbidea?
Eraul nire aitaren aldeko aitonaren jaioterria zen. Txikitan pare bat aldiz joan nintzen familiarekin, eta errepidean Eraulerantz zihoan bidea zein zen erakutsi behar zuen seinalea lurrean botata zegoen, gari altuaren artean ikusezin. Herria erdi hutsik eta eraikin gehienak eraitsiak ikusteak eta seinalerik ez egoteak, eta honi inork garrantzirik ez emateak, hunkitu ninduten. Malenkoniaz beteriko oroitzapen horrek eraman ninduen Eraul izena aukeratzera.
Hori Suedian izan zen, 2013. urtean. Bertan, Goteborg-en, Alex Engelin-ek maketa grabatu zidan auzo batean zegoen kultur etxe moduko baten zegoen estudioan. Izugarri ondo pasa genuen. Han “Maja Lindblom”, “Ura”, “Etxea” eta “Irla” grabatu nituen. Eta maketa hori izan zen Kutxa Kultur-eko deialdira aurkeztu nuena, Eraul izenarekin. Proiektua hautatu zutenean joan nintzen Julen Idigorasengana eta biok seikotea osatu genuen, 2015eko abuztuan, hasieran ordezkoekin jo genuen arren: Mirari Etxeberria, Iñigo Serrulla eta Ander Berzosa hain zuzen ere.
Oso gustura ibili ginen hirurekin, musikari handiak baitira denak. Gero, berezko seikotean jotzen hasi ginen: Garazi, Txiki (Julen Barandiaran), Julen, Maria Bustos, Borja Anton eta seiok. Ez dakit Kutxa Kultur jaialdiak ibilbidea markatu zuen, baina nire ustez bai, oso serio eta oso indartsu hasi nahi izan genuen, edo hala egiteko beharra sumatu genuen. Espektatibek ez zuten lagundu.

Azkenik, “Aimar” kantara itzuliaz, zer kontatzen duzu, konkretuki, bertan?
Ba oso xinplea da, oso xumea. Nere koadrilako lagun bat aita izan zen eta semea Iraultza deitu nahi zuen. Gau batean berak eta bere bikotekidearen umeak bizitza aldatuko zielako izen hori nahi zuela kontatu zidanean izugarri polita iruditu zitzaidan. Eta azkenean Aimar deitu zuten, horregatik nik diskoari “Iraultza” deitu diot. Borobila iruditzen zait. Egia esan, hasieran diskoaren titulua ez zitzaidan asko gustatzen, Idigoras eta Garazi tematu zuten gehien bat, eta konbentzitu gintuzten (beste taldekide batzuei ere gehiegi gustatzen ez zitzaien arren). Orain ezin hobea iruditzen zait.
Beraz, Aimar ongi etorri bat besterik ez da, bizitza jaioberri bati azaldua, dekalogo bat gordetzen duen sehaska kantu bat. Tira, hori zen nire asmoa. Niri gustatzen zait.

Gonbidatuen zerrendan agertzen diren Olatz Salvador, Lide Arroyo eta Markel Idigorasi buruz informazio pixka bat eskertuko nizuke. Zuen lagunak dira?
Olatz Salvador: Bakarlari donostiarra, folk. Skakeitan-eko kidea. Laguna.
Lide Arroyo: Skifire-ko kidea zen, taldea desagertu zen. Lasartekoa, laguna.
Markel Idigoras: Nøgen, Julen Idigoras-en anaia gaztea, laguna.

Eskerrik asko, Asier, galderei erantzuteagatik. Zorte ona eta ibilbide oparoa izan dezazula lan berriarekin. Zerbait gehiago esan edo borobildu nahi baduzu, aurrera noski.
Mila esker zuri, Urko. Plazer hutsa izan da. Barneak pixka bat mugitu dizkidazu.

-Diskoaren aurkezpena:

Azaroak 4, 20h - Dabadaba (Donostia) + Nøgen

Lo siento, debes estar para publicar un comentario.

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.