Bidaia
Discos / Zingira

Bidaia

7 / 10
Arkaitz Villar — 23-04-2016
Empresa — Autoeditado

Sharon Stoner taldean ezagutu genuen Iñigo Ibarrondo musikariak rock progresibora jo du bere proiektu berriko sei abestiak osatzeko. Bakardadean sortu ditu pieza hauek baina grabaketa sesioetan Mikel Zarketa (gitarran) eta Egoitz Olalde (baterian) izan ditu alboan, Sharon Stonerreko kideak hauek ere.

Proiektu honen berri "Bidaia" aurrerapen kantuari esker izan genuen 2015eko udazkenean. Jethro Tull bezalakoen doinu progresibo eta mediebalak eskaintzen dituen abestia da. Kantu hori da hain zuzen ere diskoko abestirik laburrena, gainontzekoak sei minututik gorako iraupena dutelarik.

Espazioan eta denboran bidaiatzeko aukera eskaintzen digun lana da hau. "Hostoak" hasierako kantuan hasten da bidaia hori. Eta doinu luze, errepikakor eta zurrunbilatuen artean teklatuek eskainitako atmosfera bereziak nabarmentzen dira. Egitura hori da hain zuzen ere behin eta berriz diskoko kantuetan errepikatzen dena: kantuak aurrera egin ahala dimentsio berri batera altxatzen dira instrumentuen arteko jolasei esker. Gero, berriz ere hasierako dinamikara itzultzen dira eta entzulea harrapatuta gelditzen da bidaia horretan.

Rock progresiboaren erreferentzia ugari aurkitu daitezke hemen, tartean Pink Floyden ahots jokoak gogorarazten dituzten koroak "Amildegi" kantuan.Baina diskoko arribitxia "Sandaili" da. Bederatzi minutuko iraupena duen doinu instrumentala.

Disko honek urteen poderioz izan dezake momentuan jasoko ez duen harrera. Rock progresiboan gertatu izan den bezala. Baina eskuartean izatea merezi duen lana da. Entzuten duzun bitartean kartoi dotorez eta edizio mugatuan argitaratutako bilgailuaz gozatu dezakezu.

Lo siento, debes estar para publicar un comentario.

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.