MondoSonoro Discos

Bigarren lana du jada Libe Gasteiztarrak, oraingo hau 6 abestiko Maxi-CD bat den arren. Bigarren ziztada, segurki, bera jarraitzen duen entzule finaren ariman. Atmosfera eta sentsazioak nagusi dira berriro ere, ororen gainetik, Ilargia erori da barnerakoi eta –bere erara- sofistikatuan. Behin giro horretan murgilduta, bere ahots delikatuak egiten du beste guztia: betiere ondo neurtuta egonik, laztan bat dirudi. Edo bidaiatzeko txartel bat, lanari izena ematen dion kantatik hasita. Bidai espaziala, kosmikoa eta eternoa. Hain justu giro hori eraikitzea da bere lorpen nagusia, hots, entzulea flotatzen jartzea. Hortik aurrera, bidaia magikoa da. Libek berak teklatuarekin halako koltxoi bat sortzen du, grabitaterik eza eta noten fluxua lehenetsiz. “Orbitan”-en bi kapa teklatu eta koruek gitarra elektrikoaren akordeak dituzte bidelagun. “Izar artean, satelite baten moduan…” eta hor goaz, izarren hautsa besterik ez, baina itxaropentsu garen izaki hilkorrok.

Aurreko lanetik, Txus Billabeitia gitarra jolea da berarekin jarraitzen duen musikari bakarra. Bateria Dani Arrizabalagak jo du, eta baxua Karlos Osinagak. Karlosek berak ekoitzi du diskoa, nahasketak egiteaz gain. Masterizazioa, aldiz, Jonan Ordorikaren lana izan da. Grabazioa, noski, Bonberenea estudioan egin da aurtengo uda eta udazkenean, eta pasa den urriaren 17an argitaratu zen. Musika guztia Libek egina da, eta hitzak Libek berak eta Jon Basagurenek egin dituzte.

Giroen edertasuna da hemen gakoa. “Bizia atzetik” piano elizkoi batekin hasten da, adibidez, eta errepika (berriz ere ahots bikoiztua daukana) nahiko ikusgarria dauka, betiere Liberen eskema barnerakoien barruan. “Maitasun kuantikoa”-n Txus Billabeitiak gitarrarekin lortzen duen sentsazioa ere espazio zabalean bidaiatzen egotekoa da. Horri Mursegoren txeloa gehitzen badiogu, bidaia librea eta estralurtarra bermatuta daukagu. “Bidean”-en Liberen ahotsaren biluztasun iradokitzailea azken errematearen sarrera bikaina da: “Lo dago” espero genuen epiko itxurako amaiera baita. Berriz ere Liberen ahots delikatua gailurrean duela bidaiatzen du abestiak, disko osoan bezala ia modu minimalistan, baina berezko edertasun kosmikoarekin. Badator Mursego bere magia intentsuarekin, txeloarekin zerua konkistatuz, errepikan Libe eta Jon Basagurenen arteko bikoak amaierara garamatzan bitartean. Espazioa lilura eta ametsez beterik dago. Baita, gaurtik aurrera, Liberen doinu flotatzaileez ere.

MÁS SOBRE LIBE
Discos 06 diciembre, 2017 LIBE

Ilargia erori da

Noticias 13 junio, 2014 LIBE

La gran evasión de Libe

Uso de cookies

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.

ACEPTAR
Aviso de cookies