Otsoak ere ez du bere haragirik jaten
Discos / Hiena

Otsoak ere ez du bere haragirik jaten

7 / 10
Urko Ansa — 30-11-2016
Empresa — Autoeditado
Género — Hard Rock

Soinu garbi eta botere handikoa landu du Gasteizko laukoteak. Erritmo astun eta sostengatu horiekin, eta zati instrumentalei lehentasuna emanez, berehalako hit-aren bila joan ordez atmosferak sortzera doaz: ez duzu hemen errepikara zuzendutako konposiziorik entzungo. Soinu mardula bilatzen dute, intentsitatea eta tentsioa ahaztu gabe. Abesti motzak luzeekin partekatzen dituzte 7 kantako Mini-LP honetan. “Maskarada” eta “Amaibako itzulera”rekin jada nortasun propioa erakusten digute, gauza berriak esateko intentzioa. Oraindik gehiago leundu lezakete soinua, baina ez dut uste asmo hori daukatenik, ez bailitzateke berdina izango. Metal alternatiboa ekartzen didate gogora, stoner ukitu batzuez gain, eta post rock deitzen dioten horren zantzuak ere han edo hemen.

Gitarraren soinu grabea eta lakarra, Naut eta Trumbon aritutako Enekoren atabal kolpe eta break mamitsuak, ahotsaren tratamenduak (beste instrumentu bat balitz bezala erabilia) talde ezberdin baten aurrean gaudela erakusten digu. Bilatutako sinpletasun horretan dute erakargarritasuna. “Pariah!” eta “Ez gara joango” horren adierazgarri dira. “Hariak” motza da, 3 minututik beherakoa. Ahotsak urrundik oihu egiten digu, gitarrek behin eta berriro riff bortitzak jaurtitzen dizkiguten bitartean. Amaiera aldera, baliteke denetan onena “Komunzulo ilunetan” izatea, daukan garapenagatik: instrumentazio elegantea, momentu pausatuak, gero intentsuak eta bateriaren erritmo erakargarria. Abesti borobila, inondik ere. “Nexus 6”-en hasiera bikaina da, ondoren, gitarraren soinua erakargarri mantentzen da, baina kantak dramatikotasun handia hartzen du, batzuetan Lisabö-ren ukitu batzuekin. Hiena-ren debuta indartsua da, ondo zuzendutakoa. Nabari da ez direla atzo hasitakoak, beste taldeetan pilatu duten esperientzia estudioan ondo islatu baitute. Euskara hutsean soinu gogorrak lantzen dituen taldeen bildumarako beste bat, eta zerrenda handituz doa…

Lo siento, debes estar para publicar un comentario.

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.