Galtzen ikasteko metodoa
Discos / Balerdi Balerdi

Galtzen ikasteko metodoa

7 / 10
Urko Ansa — 14-06-2017
Empresa — Gor
Género — Pop-Rock

Freskoa eta boteretsua. Iruñear hauek artistak izan dira, beti, pop rock dotore honetan mugitzeko orduan. Koruak, gainera, benetan gozagarriak dira “Galtzen ikasteko berriz”, “Netzahualkoiotlen hitzak”, “Gu eta ni” (voilá!), “Gau honetan”, “Amaitzear da dantza garia” eta abarretan. Transmititzen duten positibotasuna, askotan ironia puntu batekin (“Iruñea Motor City” eta “Fan fan oso fan”, adibidez), eskertzekoa da garai hauetan. Balerdi Balerdik taldekideak berriz aldatu ditu, baina Toño Muro (ahotsa eta gitarra) eta Sergio Ibarrola “Zara”-k (bateria eta koruak) hor jarraitzen dute jatorrizko partaide moduan.

Baxua oraingoan Anxel Iraolaren (Petti bezala, Beratarra bera ere) eskuetan dago, eta nobedaderik deigarriena Pettiren beraren sarrera izan da, dudarik gabe. Petti 2013an sartu zen taldean, baina hau izan da Balerdi Balerdin egin duen lehen grabazioa. Berarekin, Power pop estilo horrek “power” oraindik gehiago hartu du, baita “roots” gehiago ere, bere blues eta zergatik ez, han eta hemengo country ukitu batzuei esker. Gainera, ahotsetan laguntzen du, eta “Gu eta ni” (berak eta Toñok txandaka kantatzen dutena) bere egin du. Orokorrean, potentzia handiko kantuak dira denak, entzuteko atseginak eta itxuraz sinpleak, baina punch handikoak. Esperientzia benetan atsegina da lehenengo kantatik azkeneraino. “Galtzen ikasteko berriz”, diskoari izena ematen diona, aukera bikaina izan da berau hasteko: koru garaitzaileak, errepika boteretsua eta martxa. Lehen aipatu “Iruñea Motor City” oso kutsakorra da, apurtzailea, gitarra soinu aparta daukana, bukaerako distortsioa lekuko.

Baliteke “Haur denborako egunak” eta “Hiru anaiak” arrunt sinpleak eta ez-iraunkorrak izatea, baina 14 kanta hauetan ez duzu kanpoan gelditzea merezi duen gehiagorik aurkituko. “Zanbalan” eta “Netzahualkoiotlen hitzak” haiek indargabetzeko kokatuak dirudite, riff itsaskor, gitarra solo ez oso luze baina eraginkor eta ahots bikoiztuen eraginez. Sustraidun musika amerikarra hizpide dute “Bi izar” (western bateko abestia dirudi) eta “Itsasaldean”-ek (“Itsasaldean egon nahi nuke bikinien erresuman, “The Uski’s-en kantak MP3-an, mojitoa eskuartean”), bigarren hau pop-rocketik gertuago. Tartean, lehen aipatu dugun “Gu eta ni” boteretsua.

“Huts egin dut” power popa da, bai, baina bereziki rockeroa, eta “Gau honetan”-en bi ahotsetan lortzen dutena zoragarria benetan. “Amaitzear da dantza garaia” geldoa da erritmoan, baina intentsua melodian eta koruetan. ”Elurretan”, bere osotasunean, efektu interesgarriz josia dago, baina ahotsarena da nabarmenena. Hauexek dira hamarkada honetako Balerdi-Balerdiak: teklatua desagertu da, Blanca Izkuek aspaldi utzi zuen taldea, Marino eta Patxi Goñi anaiek bezala. Ordea, hauen eragina betirako gordeko denaren uste sendoa daukat. Rock klasiko estilo horretan euskara garbian kantatzen dute, artifiziorik gabekoa (soilik tronpeta eta tronboiak sartu dituzte “Fan fan oso fan”-en) eta zuzenean bihotzera doana. Horregatik, Balerdi Balerdik disko bat ateratzen duen bakoitzean, euskal eszenan hutsune bat betetzen du, eta behar-beharrezko taldea dugu.

Un comentario

Lo siento, debes estar para publicar un comentario.

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.