Amnesia Eta Argia
Discos / Fiachras

Amnesia Eta Argia

6 / 10
Iker Pérez Ruiz — 22-08-2015
Empresa — Mauka
Género — Rock

Goierriko taldearen hirugarren lana entzuteko bost urte eman ditugu itxoiten, eta aspektu batzuei begiratuta, denboraren aldea sumatzen da. Lehenik, eta honetan berrerorleak dira, estilo aldaketa burutu dute berriro, instrumentu anitzekin apaindutako folk doinuak atzean utzita. Emaitzak berehalakotasuna du, kitarraren presentzia handiarekin eta orain arte kasu konkretuetan (La Bacanal) edo zertzelada gutxi batzuetan iradoki zuten bluesa eta countrya besarkatuz. Folk tabernarioa eta koadrilan bihotzez abesteko letrak, paisaia samingarri baten introspekzio bihurtu dira. Freddy Pelaezen kolaborazio eta produkzioan oso argi azaltzen da, lehen doinu alai eta melodikoetan jotzen zuen hammond organoa oraingoan erritmiko eta kolpatuago agertzen da abestietan.

"Egiaren Argia" abestiak ematen dio hasiera, aurretiko doinuen jarraipena sortuz, baina segituan nabarmentzen da oraingoan hurbilketak urgentzia eta samurtasun zorrotzagoa duela, artifizio gutxirekin. Gaztelerara pasatuz, erritmo country-a hartu eta "La Ceguera" da estilo aldaketaren adibide lehena, kitarraren riff sigi-sagatsua ahotsekin jokoan. Letrek eta Artolaren ahotsak hartzen dute protagonismoa "Jainkoekin" kantuan, behinik-behin basamortuko dantza moduko batean hammonda eta kitarrak marraztutako interludioek moztuta. "La Hermandad de la Uva"rekin jarraitzen dute hitzek eta kitarrak gidatutako diskurtso iluna, honakoan koruan abesteko lelo gazi-gezarekin. Blues-rockari irmo helduta dator "Infernuaren atariraino", kitarraren fraseatze sentsual eta zirikatsuekin, diskoan askotan agertzen zaigun gai batekin apainduta, Artolak dioen moduan "Depresioa eta eromena. Bien arteko muga zainduz bizi naiz". Behin infernuan, Ennio Morriconeren soinu banda eta Sergio Leoneren filme baten paisaian sartzen gaituzte "Plazerraren hatzaparretan", western-rock zaporeko musikarekin. Ameriketako doinekin jarraituz, western-swing edo ragtime erritmora pasatzen gara diskaren abesti alai eta zirikatsuenarekin, "Zuberotar baten aurrean" da Fiachrasen pozoitasun eta ateraldien puntu hori hobekien erabiltzen duena, Iparraldeko lurraldearen berezitasun guztietaz arituz. Eta pozoitasun alaietik, pozoi puru eta hilkorrenera, "Tu éxito y mi peste" abestiaren loian barneraino sartuta, Freddy Pelaezen hammonda argitasunetik eremu ilunagora pasatuz. Bukatzeko, "Amnesia eta Argia"ren laburpen bikaina aurkitzen dugu "Odolaren mintzoa" kantuan, kitarrak zorrozki zuzendutako riffak hasiera emanda, erritmo kolpatu baina leunarekin agertzen dira lehen hitzak, abestia aurrera doan ahala azkarrago eta trinkoago. Oro har, Fiachrasek argi uzten du hautatutako estilo eta doinuen lurretan oinak ondo kokatuta dituela.

Lo siento, debes estar para publicar un comentario.

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.