Aurreko urtarrilaren 25ean Bilboko Kafe Antzokiko Kutxa Beltzean aurkeztu zuen Rafa Ruedak bere azken lana, “Hiri Kristalezkoa” (Elkar, 2017). Sei urte pasatu dira Rafa Ruedaren bakarkako ibilbidearen estudioko azken lanetik (“Enaren Geometria”, autoekoizpena, 2011) baina denbora tarte honetan, gitarrajole bezala hainbat kolaborazio egin ditu: Rafa Berrio, Mikel Urdangarin edota, Lou Topet taldeetan, hala nola, literatura eta musika uztartzen duten beste hainbat proiektutan parte hartuz (Kirmen Uriberen Jainko Txiki eta Jostalari Hura ala Gabriel Aresti idazlearen inguruko Gabrielen Lekua disko liburua).

Osteguneko kontzertuan azken diskoan laguntzen duten musikariez inguratuta agertu zen mungiarra: Jaime Nieto (bajua), Ander Zulaika (bateria), Koldo Uriarte (pianoa eta sinteak) eta Rafa bera (gitarra elektrikoa). Publikoaren artean ere lagunak eta musikari ezagunak: Txuma Murugarren, Aritz Aranburu (Split 77), Jose Lastra ekoizlea (Tio Pete estudioa)… Denak bat etorri ziren osteguneko kontzertuaren gertutasuna eta benetakotasuna aipatzerakoan. Rafak etxean jokatzen zuen (Bilboko Kafe Antzokitik askotan agertzen baita musikaria, tartean, Bilbo Hiria Irratirako Hamaika Ispilu musika irratsaioa gidatzen du). Eta, hori nabaria izan zen ostegunean, publikoak oihu, txistu eta txalo artean lagundu baitzuen musikaria.

Zuzeneko bikaina eskeini zuten Rafa Ruedak eta taldekideek. “Hiri Kristalezkoa” diskoa segida berean jo zuten, hau da, Angel abestiak zabaldu zuen kontzertua eta Irina abestiak itxi. Disko kontzeptuala da Ruedaren azken lan hau, balizko hiri baten inguruan hitz egiten diguna, non abesti bakoitzak izen propio bat duen, hiriari lotutako istorio desberdinak kontatzeko. Abestiz abesti Rafak azalpenak eman zituen, eskertu zuen publikoaren berotasuna eta zeinbait abestik izkutatzen zutena azaldu. 10 abesti, 10 istorio, 10 pertsonai… Hiria irudikatu genuen, istorioekin gozatu eta, bere pertsonaietan islatu ginen.

Gertatzen ohi da zuzenekoetan, diskoek beste dimentsio bat hartzen dutela, eta “Hiri Kristalezkoa” honetan hala izan zen. Diskoa, orokorrean, lasaia eta nahiko atmosferikoa bada ere, zuzenekoa biziagoa eta erritmikoki azkarragoa suertatu zen. Beti ere, zuzenekoak ez zituen galdu diskoak dituen ezaugarri nagusiak: 80. hamarkadako pop kutsua duten melodiak baina armonia eta konpoketa musikal zein aldaketa aberatsen hornidura.

Rafa Ruedaren musika zuzenean entzutea plazer hutsa da, bere musikak airea du gustoko. Musika artisaua da mungiarra, hari melodiko sinple bati geruzak gehituz doan musikari trebea. Ildo honetatik, Jon Agirrezabalaga (WAS) ekoizle artistikoak egindako lana nabaria da -mungiarrak adierazi duenez, erabakikorra izan da Agirrezabalagaren papera azken lan honetan-, nahiz eta, Ruedak aski ondo ezagutzen dituen musikaren ekoizpen eta grabazio prozesuak. Eremu musikal berrien zale, esperimentazioak eta berrikuntzek ez dute beldurtzen. Hori konstante bat izan da bere ibilbide osoan PILT garaietatik baina, baita ere, bere bakarkako lanetan. Azken honetan bezala.