Arnasten ikasteko berriz
Conciertos / Napoka Iria

Arnasten ikasteko berriz

8 / 10
Urko Ansa — 10-07-2017
Fecha — 07 julio, 2017
Sala — Teatro Coliseo / Eibar
Fotografía — Jon Iraundegi

Ahaztu ezinezkoa izan zen Napoka Iriaren agurra. Emozioak bor-bor egoten diren horietakoa, bikotea azken aldiz ikusiko genuenekoa, eta Coliseo Antzokiko sarrerak (547) erraz agortu zituena; nonbait, Mirenek esan zuen moduan, espero ez bazuten ere.

Onartzen dut batzuetan gehiegizkoa ere izan zela, hots, momentuak berak sortzen zuen emozioa dramatismo puntu batek igurtzi zuela, baina berriz ere kanta horiek zuzenean entzuteak merezi izan zuen, sobera. Bi urte baino gehiago generamatzan abesti hilezkor horiek kontzertuan entzun gabe, eta, azken aldiz izan bazen ere, kontzertu hau beti eramango dugu bihotzean.

Emanaldia bi zatitan banatu zuten: lehenengo zortzi kantak hasierakoak izango ziren, alegia lehen maketa hartatik “Lehertarazi edifizioak” (hau barne) diskora arte, eta Miren Narbaizak (ahotsa, gitarra) eta Ander Mugikak (gitarra), hau da bikote klasikoak, bakarrik interpretatua. Bigarrengoan, “Arnasten ikasteko berriz” (2013) bigarren eta azken LPan zentratuko ziren, hainbat gonbidatu oholtzan lagun izateaz gain.

“Kea” izan zen lehena: benetan hunkigarria, soila eta ziztatzailea, Napokaren tradiziorik onenean. Berehala argi geratu zen lehen, eta hain aspaldikoa dirudien, 2006ko maketa hartako kantei aunitz erreparatuko zietela. Bigarrena “Egun denak” izan zen, hau ere 2006koa eta, nik emanaldiari egingo niokeen kritika bakarra, honen ordez besteren bat sartuko nukeelako eta akaso besteen mailara iristeko pausu bat falta zaiolako. Ez zion ikuslegoari horrek enbarazurik egin, kanta bakoitza amaitzean txalo zartadak egundokoak izan baitziren emanaldi osoan. “Lurra idor”, “Erantzun” eta “Negua”rekin lehen diskora salto egin zuten segidan.

“Lurra idor”en sarrera entzuteak bakarrik hunkitu ginen. Ander eta Mirenek (ia instintiboki?) sortutako atmosfera hauek taupada unibertsal oso berezi batean kokatzen baititut. Napoka Iriari buruz idatzi nuen lehen artikulua Londonen egin nuen, kasualitatez han oporretan nengoela egitea tokatu baitzitzaidan. Ezin nuen sinetsi: Aurikularretatik ateratzen ziren soinu horiek, hain biluziak, hain sakonak, hain ederrak… 2011-ko iraila zen eta geroztik taldeak gorantz bakarrik egingo zuen, bi urteko atsedena hartu, eta oraintxe azken agurra eman duten arte.

“Lurra idor” entzuteak flotatzen jarri nahi nau, beraz, eta “Erantzun”-ek (erritmikoa, sustraiduna, erabatekoa) bihotza uzkurtu eta “Negua”-k begiak zabal-zabalik jarri dizkit, Anderrek gitarrak sua ateratzen duen bitartean. “Inoiz”-ekin atzera 2006ra goaz, Mirenek “Inoiz lortu al duzu ezer, inoiz saiatu al zara bederen?” galdetzen digu, bere interpretazio libreenen magia guztia taularatuz. Ene ustez, %100 Miren da kanta hau, barren-barreneko suari mugarik jartzen ez zionekoa. Oraindik ez zuen geroago azken diskoan garatu zuen estiloa garatu, ez eta beharbada, nahi ere. “Egurra”-rekin 2008ko single hartara eraman gintuzten, eta Ander berriro ere sutsu nabaritu genuen. Gau osoan bikain aritu zen, oso motibatua ikusi nuen, bereziki kanta honen amaieran, besteak beste. “Egurra”-n eskemak apurtzen dizkigute berriz ere, abesti geldo eta barnerakoi honetan, erditik aurrera erritmoa zakarki moztu eta frenetikoa bihurtzen dutenean. Chapeau.

Ander bera gero eta gehiago hitz egitera animatu zen, eta Eibarko Amaña auzoko jaietan, egun berean baina ordu batzuk beranduago, Su Ta Garrek joko zuela gogorarazi zigun, eta lehen diskoan egin zuten “Zure atzetik” bertsioa jotzea egokia zela pentsatu zutela. Gero, Gorosabel eta bereek noizbait Napoka Iriaren bertsio bat egitea, bonbo bikoitza eta distortsioarekin, gustatuko litzaiekeela bota zigun, ikuslegoaren barre-algara artean. Alta, Mirenek esan zuenaren arabera, proposamen sendoa ei da, eta jada egina omen dago –proposamena, alegia-. Honela amaitu zen lehen zatia Heavy Metal sutsu talde baten bertsio aski interesgarriarekin.

Jarraian, bi gazteak erretiratu eta 12 bat minutuko bideo bat jarri ziguten, taldearen agurra dela eta prestatutakoa, non bere entsegu lokalean despedida honen nondik norakoak zehazten dizkiguten. Taularatze berriak gonbidatuak ekarri behar bazituen ere, lehena binakakoan egin zuten “Etxeorratz” magikoarekin, non Anderren slideak harritu gintuen. “Arnasten ikasteko berriz” (2013, Bonberenea Ekintzak) diskoarekin jarraituaz, Mursegoren txeloa izan zuten lagun “Nik ere”-n, eta berriz ere ohartu ginen disko hura gaindituko duenik ez dagoela. Maite Arroitajauregik, buruan zapi bat zuela taularatu zenak, aura berezi bat izaten jarraitzen du, eta pozgarria izan zen bera berriz oholtzan ikustea.

Segidan, Maitek alde egin eta hiru musikari sartu ziren: taldearen azken fasean hain garrantzitsuak izan ziren Ibai Gogortza (gitarra) eta Iban Urizar (tronpeta) eta Willis Drummond-eko Felix Buff (atabalak). Boskoteak “Ibiltzeko gertu”-rekin hipnotizatu gintuen. Ondoren, Ibai eta Iban erretiratu eta inolako aurkezpenik behar ez duen Joseba B. Lenoir taularatu zen, “Disonantziak” iradokitzaileari su emanez. Kanta honetatik hasita, azken disko hartako azken lau abestiak orden berean jo zituzten, ezin hobeto planifikatutako ordenean. Izan ere, disko horrek “Disonantziak” kantatik aurrera halako trantze bat eragiteko pentsatua dirudi. Kanta horretan Josebak, koruak ere egiten zituenak, gitarrarekin aho zabal utzi ba gintuen, zer esan baxurik gabe jo zuten “Kontra” magikoaz! Napokaren errepertorioko rock and rolla da “Kontra”, estasi totala bai gitarraren riffean bai bere garapen instrumentalean. Sekulakoa izan zen Ander behin eta berriro makurtzen ikustea, Joseba bere riffarekin sua ateratzen ari zen bitartean, eta Felix… Felix Buff maisu hutsa da, orain goxo eta behar denean zital, erregistro guztiak menperatzen ditu. Sentsibilitatea, gustu ona eta boterea, horiexek bere armak.

“Erantziz jantzi”, Miren ahots konprimituarekin hasten den hura, klimax totalaren beste adibide bat da. Felix Buffek charlesa inoiz ikusi ez nuen bezala igurtzi zuen, baketa puntarekin platoa igurtziaz. Harrigarria. Gero orgia akustikoa, slidea, eta Anderren interpretazio bikaina. Orduan, kanta amaitzean, Felix Buffek, erretiratu baino lehen, musu eman zion Anderri, eta orduan konturatu ginen hau negarrez ari zela. Ordura arte ez nuen hain ari nabaritu, baina oraingoan ez neukan dudarik. Abestien hitz batzuek interpretazio asko izan ditzaketen arren, honen letra (oso motza, disko hartako denak bezala) jarriko dizuet:
“Badakit, harremanen laberintoan galduta gabiltz
Erabakiz, zeinengana hurbildu edo urruti ibili
Maskarak aurpegiak estaliz,
Gerora horiek gabe bizitzen eta arnasten ikasteko berriz”.

Eta agurtzeko, hau da, diskoa, emanaldia eta Napoka Iriaren historia amaitzeko aukeratutakoa, “Distantziatik”, hipnotikoa, ederra, malenkoniatsua... Hor zegoen Iban Urizar, hor zegoen Mursego ere, eta gu guztiok, bitartean, flotatzen. Akabo da, txalo zartadak gorgarriak dira. Burrunba apartekoa da, azken agurra da hau. Azkena? Ez zen hala izan, ez, hiru bis erregalatu baitzizkiguten. Lehena, motza, akustikoa, ez nuen identifikatzen jakin, momenturen batean “90 segundu” zela pentsatu nuen arren. Eta gero “Ezin baitut”, maketakoa, Mireni hainbeste mesede egiten dion tonuetan: orain xuxurla, orain eztena, beti libre. Kanta honetan Miren musuzapia hartzen ikusi nuen, eta azken fasean hain hunkituta zegoela ikusita, malkoengatik izan zela pentsa genezake.

Eta “Izotzetan erre”, orain bai, benetako azken agurra, motzegia izan den istorio baten azken kapitulua. Hemen ere crescendoa oso bereizgarria da, eta Miren hunkituta nabaritu nuen, esaldi batzuei garrantzia berezia eman nahian bezala (“Eman su, barrua errez, duzun guztia hustu arte; duzun guztiz urtu arte. Dena eman eta hustuz, ingurua zure erara egokituz”). Amaierako gitarra zatietan Ander su eta gar nabaritu nuen, akoplearen bila, gitarra anpliari gerturatuaz, gitarrari buelta eman eta bere horretan kantari eta bikotearen ibilbideari amaiera emanez. Metafora polita iruditu zitzaidan, Napoka Iriaren ibilbidea hori bera ez ote den pentsarazi zidana, hots, gauzak zilipurdika, atzekoz aurrera jarri, eskemak apurtu, musika ederra bezain hunkigarria sortzeko.

Akabo da. Ia bi orduko emanaldia, bideoa barne. Agurrari buruz asko idatzi da, eta nik neuk ez daukat ideiarik gure talderik onenetako baten banantzearen arrazoiaz, elkarrizketa aunitz irakurri ditudan arren. Argi dagoena da Napoka Iria joan egin dela, eta orain Miren eta Ander direla. Ander, Anari eta Jabier Muguruzarekin dabil, eta Mirenek bere MICE martxan dauka, eta biak ala biak Joseba B. Lenoir taldean jarraitzen dute. Beraz, beraien ibilbideak ez dira guztiz banatuko. Alta, uste dut jarraitzaileok amorru apur bat sentitzen dugula, bi disko haietan lortu zuten guztiaren ondoren, badoazelako. Baina gauza batean arrazoia daukate: onenean eta punta puntan utzi dute, betirako oroigarri ona utziaz.

Lo siento, debes estar para publicar un comentario.

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.