Seiurte taldea aurten bere 20. urteurrena ospatzen ari da. Bere Ibilbideari errepaso bat emateko Berrizko laukoteari bere diskografiako hamar abesti esanguratsua edo berezi aukeratzea eskatu diegu.

“Ez da erreza hogei urte hauetan egin ditugun abesti guztietatik 10 aukeratzea. Egia esan, gogoa ematen digu gaur egunean zuzenean jotzen ditugun abestietatik hamarrak aukeratzeko, alegia, gaur egungo Seiurte hobekien erakusten duten abestiak aukeratzeko. Baina hori gure ibilbideari iruzur egitea izango litzateke eta uste dugu badirela gure ibilbidean gaur egun jotzen ez ditugun baina nabarmentzea merezi dituzten kantuak. Hauek izan dira azkenean aukeratu ditugunak”:

HOGEI URTE (VEINTE AÑOS)
Egin dugun azken kantua da. Taldearen hogeigarren urteurrena ospatzeko egindako abesti hau oso berezia da guretzat, Morgan taldeko lagunak izan ditugu gurekin eta plazer eta ohore haundia izan da, ezin gustorago gaude kantua eta kolaborazioarekin.

BARKATU
Gure lehenengo diskoko lehenengo kantua izan zen eta zihurrenik zuzenean gehien jo dugun kantua. Kantu zahar guztiak errepertoriotik kanpo geratzen joan diren bitartean Barkatu birsortzen joan da eta gaur egunerarte zuzenean jotzen jarraitzen dugu. Arraroa egingo zaigu noizbait kontzertu batean Barkatu jotzen ez badugu.

SEIKO BELAUNALDIA
Oso istorio berezia dauka abesti honek guretzat. Ekain Los Angeles-en ikasten zegoen bitartean (2005) taldekideak bera bisitatzera joan ginen eta Janis Joplins hil zen hotelean lo egiten izan ginen. Kasualitatea izan zen hil zen garaian Janis-en mutil-laguna izandako gizona egun horietan ere hotelean egotea. Kitarrekin ikusi gintuenean, guregana etorri eta Janis-en heriotza nola gertatu zen eta hil zen logela erakutsi zigun. Era berean, garai haietan Vietnam-go gerraren kontrako mugimenduaren kontra poliziak droga nola sartu eta rock munduan sarraskia sortu zuen azaldu zigun. Esperientzia itzela izan zen guretzat.
Abestiak, bizi izan genuena azaltzen saiatzen da eta gainera Janis-en “kolaborazio” milagroso bat dauka. Gure bizitzetako esperientziarik hunkigarrienetako bat izan zen.

BAKOITIEN ERREPIDEAN
Seiurte-k beti izan du bere alde poperoa eta rockeroa. Zoritxarrez, zuzenekoetan beti jo dugu alde rockerotik eta abesti hau bezalako harribitxiak ez dute leku askorik izan zuzenekoetan. Gure alde poperoko abestirik onenetakoa.

HEMEN GAUDE
Aurrekoaren kontrakoa, Seiurte-ren abesti power-rockero tipikoa, intentsoa, laburra eta arnasik gabekoa. Zuzenekoetako beste klasiko bat.

ROBINSON CRUSOE
Denborarekin taldeak indie-rockera ere jo du, abesti hau adibide. Kontzertu guztietan jendea dantzan jartzen duen abestia da eta ez da erreza euskal gerria dantzan jartzea!

 

ARNAS GABE
Zuzenekoetan jotzen dugun abesti geldo bakarra, zeozer eduki beharko du abesti honek erritmo hain motela edukita guk zuzenean jotzeko. Intentsitate haundiko abestia eta askorentzat daukagun abestirik onena.

 

STAND BY
Beti saiatu gara gure ohiko estiloa apurtzen duten abestiak egiten, hau adibide. Gure estilotik kanpo baina Seiurte marka duen abestia %100ean.
Seiurte ere hau da, entzule bezela batez ere asko hurbiltzen gara horrelako estiloetara.

URRUNTZEN
Gure ibilbideko abestirik “mediatikoena” zalantzarik gabe. Horrek nolabaiteko maitasun-gorroto harremana sortu digu abesti honekin baina ezin dugu ukatu abesti hau gure ibilbideko mugarrietako bat izan dela.

43. PARALELOAN
Beti gustatu zaigu diskoak abesti kutunekin amaitzea, hau adibide. Zuzenean jotzen ez dugun baina entzutean “flow” haundia ematen digun kantua, izkutuko harribitxia.